Argentinako euskaldunak

Erabiltzailearen aurpegia Arantxi Padilla 2015ko aza. 29a, 10:00

Duela aste batzuk Argentinako Euskal Astean egoteko aukera izan nuen, nire bizitzan bigarren aldiz. Funtsean, Argentina osoko euskal etxeetako gazte eta helduek gutxienez urtean behin biltzeko duten aitzakia paregabea da, eta bertara heltzeko aukera dugunok, aluzinatu egiten dugu ikusten dugunarekin. Inolako salbuespenik gabe.

Euskal jatorriko argentinar gehiengo handi batez gain, Euskal Herritik bertatik joaten den jendea ere badago, edota Argentinan bertan denboraldi baterako bizitzera joandako euskal herritar batzuk. Eta han ikusten dena, nola azalduko nizueke? Gure herriko festetako euskal jai egun horietako bat bider bost izango litzateke. Gozategi, Ken Zazpi, Tapia ta Leturia… etengabe bozgorailu guztietatik, eta euskal jantziak soinean daramatzaten gaztetxoak alde batetik bestera, oinez edo kalejiran. Frontoietako bazkari eta afari erraldoietan, fandango eta arin-arin bat entzuten denean, bizitza joango balitzaie bezala mahaitik korrika batean altxa eta korro desberdinetan dantzan hasten dira…

Harrigarriena niretzat ez da folklorea ordea, euskal itxuraz jantzitako jendea, zapiak, kamisetak, ile orrazkerak eta Euskal Herriko edozein txokotako irudia, hantxe Argentinako herri galdu batean aurkitzea baizik, zerbait galdetzera joan eta argentinar azentu peto-petoan erantzuna jasotzea. Edo alderantziz, gaztelaniaz hitz egin eta Ataungo euskara perfektuan erantzutea. Horrela ezagutu nuen Manu. Hogeitagutxi urte ditu, eta bere aitonaren aitona omen zen euskalduna, baina betidanik izan dute etxean euren jatorriarekiko maitasuna. «Maitasuna baino gehiago da hori», diot nik… Duela urte batzuk hegazkina hartu zuen eta Ataungo baserri batean hilabete batzuk igaro zituen.

Argentinako euskal diaspora ezin da deskribatu. Askok bazkalorduan Euskal Telebistako albistegiak ikusten dituzte Tolosan bertan baleude bezala. Gabardina garestien antzera kaiku eleganteak harrotasunez janzten dituzten adineko emakume kuadrilla batek ETB1eko meza jartzen du euskaraz entzuteko plazeragatik, baina ez Villabonan, Argentinako herri askotan. Jende asko dago, batez ere gazteak, Euskal Herrian inoiz egon ez, eta euskal dantza guztiak dakizkitenak edo euskara ikasten ari direnak.

Garai batean alde egin behar izan zutenek eta ondorengoek tradizioak transmititzen izugarrizko lana egin dute urteetan, eta gazte hauek euren nortasuna zein den oso argi daukate. Posible ote da hori? Jaiotzez argentinarra, aiton-amonen aiton-amonak euskaldunak izatea, eta zu inoiz Euskal Herrian egon gabe euskaldun sentitzea eta Euskal Herrian bertan bizi eta zure burua kanpotartzat hartzea?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!