Ozeanoaren bestaldetik

Erabiltzailearen aurpegia Arantxi Padilla 2015ko urr. 4a, 16:27

2015eko ekaina. Tolosako San Joanak. Udaberri dantza taldeko neskak bordon dantza dantzatzen. Argazki ederra; hunkigarria. Handik gutxira Jaizkibel konpainiaren berdintasun saria jaso zuten. Pozik eta harro sentitu nintzen.

Pozik, gauzak poliki baina aldatzen doazela ikusteagatik, eta harro, Miren eta Irati nire musikako ikasle izandako bi neskatila, dagoeneko emakume, argazki horretan ikusteagatik, beste askok egindako lan gogor baten ondoren, belaunaldi berri eta aurrerakoi baten parte direla sentitzeagatik.

Uztaila. Villabonako festetan ohikoa den soka dantzan bigarren urtez jarraian Oinkari dantza taldeak antolatuta, emakumeak ere dantzan, (ezin ordaindu gure amaren ilusioa/emozioa bere burua dantzariz janztean…) mutilak eta neskak denak nahastuta, herritarrak, herria dantzan… Guztiok festaz disfrutatzen…

Iraila. Hondarribia/Irun… Min ematen duten irudiak komunikabide guztietan. 19 urteren ondoren atzeraka goazen sentsazioa… Adin guztietako emakumeak, eta batez ere neska gazteak, Jaizkibel konpainiako neskei builaka, irainka, garrasika…neskak nesken kontra, matxismoaren garaipen garbia…Plas, plas, plas… ( A ze indarra Jaizkibelgo emakume eta gizonena probokazio horretan ez erortzeko). Instituzioen jarrera ere ulertezina; emakumeen kontra doan ekitaldi batean denek bat egin beharrean, bakoitza bere aldetik, hau ere alderdietako borroka bihurtu balitz bezala….lotsagarria.

«'Onyarbi' edo Irungoa ez bazara ezin duzu ulertu» esaten ziguten unibertsitate garaiko eztabaidatan bertako ikaskideek… eta ez, ulertu gabe jarraitzen dut zerk probokatzen duen hainbesteko gorrotoa, zerk bultzatzen duen pertsona bat beste baten parte hartzea eragoztea…eta are gehiago, emakumeen eskubideak errespetatzen ez badira, zergatik onartzen da espektakulu lotsagarri eta salagarri hori? Zuri mina egiten dizutenean, niri ere egiten didate, eta mina sentitzean, zapaldua sentitzen naiz. Baina emakumeak horrekin bizitzen ohitu gara, jada barneratuta daukagu… Zergatik bizi horrekin?

Gogoan dut txikitan, dantza eskolan dantza jakin baterako mutilak falta zirenean, neskak mutilez janzten ginela, koruan abesteko mutilei apuntatzeko konbentzitzen saiatzen ginela, dantza egitea eta abestea nesken gauzak balira bezala… «mutilen gauzetan» parte hartzeko neskei animatzen zitzaigunik ez dut gogoratzen ordea…

Horregatik, Tolosaldeko gure taldeei nire eskerrik eta zorionik beroenak luzatu nahi dizkiet ozeanoaren bestaldetik, baita Euskal Herrian zehar berdintasunaren alde lan egiten duten ekintzaile guztiei ere, era hain naturalean, halako iskanbilarik sortu gabe, guztion parte hartzea bultzatu eta posible egiteagatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!