Ikasturte berriari so

Erabiltzailearen aurpegia

Udazkenak uda agurtu berritan, ordutegiaren agindupean opor garaiko herdoila kendu ezinik, egunerokotasunean murgiltzen ari garen honetan, ikastaro berriari so jarri gara hezkuntza eta heziketa komunitate osoa.

Gurasoek gogoz libratuko dituzte eskuetatik, udan hainbeste buruhauste eman dizkieten seme-alabak, poltsikoen arintasuna sumatzearekin batera; besteak beste, urteroko liburu erosketagatik, argitaletxe eta saltzaileen pozerako.

Hainbat aitona- amona berriz, «akabo gure bakea» esanez, logistika lanetan murgilduta egongo dira dagoeneko. Lan nekagarria eta eztabaidagarria, gero!

Instituzio eta kultur-kirol taldeek ere ikasleei zuzendutako hainbat eskaintza antolatu, eta prest izango dituzte, ekintzak eta helburuak finkatuta.

Hezkuntzako langilegoak ere, indarberrituta, ikasleekin aurtengo lehen urratsak emanak izango ditu, berauei liburu berriek sortutako hasierako lilura kezka bihurtzen hasten zaiela. Mamuak, zalantzak sumatzen hasiko dira: «Etxeko lanaaaak!», «Ebaluaketaaaak!», «Azterketaaaak!»,... Denbora librean, zer? Musika, dantza, kirola… Ezer ez?

Baina, kezka, zalantza, nahigabe, liburu hertsi eta gogaikarrien gainetik, emaitza akademikoen gainetik, kultur-kirol errendimenduetatik harago, ikasleentzat ezinbestekoa izango da, norberaren baloreak eta giza baloreak benetako ikasgai bihurtzea.

Enpatiatik hasi, errespetuan eta berdintasunean oinarritu, zintzotasunez eta erantzukizunez jokatuz. Atzoko eta gaurko belaunaldien baloreetatik (kritika eta autokritika erabiliaz), izango da zer eskaini ikaslegoari, bere bide propioa egin dezan, eta helduok ikasi edota berrikasteko aukera izango dugu.

Beraz, iraganetik ikasi, orainaldian bizi eta etorkizunerako lan egin. Erronka ederra denontzat.

Ikasturte on!

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!