Irabaztea edo galtzea

Erabiltzailearen aurpegia Arantxa Iturbe 2021ko eka. 18a, 20:58

Nola izango da ba berdin irabaztea edo galtzea?» esan zidan taldeko beste ume baten aitak, haserre baino harrituago. Futbolean ari ziren, jakina. Eta ikusleetako bat baino gehiago su batean gola jaso berritan, mutil kozkorrak animatu beharrean neurriz kanpo estutuz. 

Mutikoak ziren, jakina. Uzteko lasai esan nien, jolasean ari zirela, ondo pasatzea zela garrantzitsuena (eta inork minik ez hartzea, isildu nuen), irabaztea edo galtzea zela gutxienekoa, berdin ziola.

Ia bi hamarkada geroago egoera berean hitz berberak esango nituzkeela uste nuen. Beste guztiei ere antzekoak entzuten nizkien hasiera hartan. Futbolak zenbat balore dituen. Kirola dela, ondorioz, osasuntsua. Talde-kirola dela, ondorioz, talde-lanerako lezio paregabeak jasotzeko baliagarria. Konpromisoak eta ardurak bere gain hartzen ikasten dutela umeek. Eta solidaritatea, eskuzabaltasuna, kiroltasuna, diziplina eta jada ahaztuak ditudan beste antzeko gezur asko ere bai. Garai hartan ezagutu nituen semeak hasieratik jokatzen ez zuelako mindutako gurasoak, hain ondo ari zena baldarrago batengatik aldatu izanagatik mindutako gurasoak eta konta ezin litezkeen beste arrazoi askorengatik mindutako gurasoak. Haiek bazekiten ez ziola berdin.

Gizondu ziren mutikoak. Ez dakit noiz ulertuko ote zuten esaten eta eskatzen zitzaienaren arteko aldea irabaztetik galtzerainokoa adinakoa zela. Ez dakit inoiz ulertu ote duten.

Gaur zortzi itzaletan eserita ere ideiak urtzeko moduko bero saparekin inguruko mendi tontorretan gora eta behera korrika ibilitakoei begira egon nintzen. Gehienak, eskumuturreko erlojua ez beste ezer eta ez inor ikusteko ahalmenik gabe iritsi ziren helmugara. Pertsona helduak, denak. Etxetik irten aurretik esango zioten beren buruari ondo pasatzea zutela helburu (eta minik ez hartzea). Aurreko astetan errepikatu egingo zuten noiz edo noiz, komenigarria delako gezurrak, zeure buruari esandakoak batez ere, sinistarazteko.

Lehiak harrapatzen gaitu. Lehiak erakartzen. Denean. Horregatik bizi gara galtzaile.

Aldea dago futboletik mendi lasterketetara. Hori nik ere badakit. Itsu, mutu eta izerdi patsetan helmugara heldutako haiek guztiek badakite onenak izanda ere ez direla sekula aberastuko. Ez dira konparagarriak. Lasterkariek beren buruarekikoa dute lehia, besteren aurkakoa baino gehiago. Eta hala ere.

Arrazoi eman beharko diot azkenean irabaztea edo galtzea ez dela berdin zioen hari. Ez da futbolaren gaitza. Futbolaren gaitza neurrigabetasuna da. Gainontzekoak, beste edozein kiroletan ere antzekoak.

Lehiak harrapatzen gaitu. Lehiak erakartzen. Denean. Horregatik bizi gara galtzaile.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!