Koronabirusa

Negu hurbila

Erabiltzailearen aurpegia

Ni izutzen nau ba negu hurbilak, eta beldurtzen, egunsentian arnas zuridun izotzak, eta izu eta beldur klimatologiko horiek ez dira ezer azken orduan arnasa galdu beharrak eragiten didan larriarekin konparatuz gero. Baratzetikan azken loreak biltzeak, horrek ez, horrek ez nau iluntzen. Kalekume izatearen albo-kaltea, noski.

Arropak zabaltzetik esku izoztuz barneratutakoan zerrendatu ditut ikarak inpentsan, kantuz. Zerrenda nintzakeen doinurik gabe baina poeta tristearen heriotzaren hamargarren urteurrenaren gaindosiak ere eragin behar albo-kalteren bat, noski. Zorionez, negu hurbilen bi melodia desberdin txandakatzeko ariketa egiteko modua izan dut, bakarra burutik uxatu ezinak erabat gogaitu baino lehen. Ez zaidazu galdetu pentsamendu ilun guztien arrazoi gordea, baina halaxe kateatzen dira hotzak, beldurrak, betekadak eta etxeko lanak buruko zentrifugatzailean.

Ondo hotza dator negu hurbila tenperatura gorabehera, eta izutzen nau iraun ote dezakeen orainak ere geroan.

Ez zaidazu galdetu pentsamendu ilun guztien arrazoi gordea, baina halaxe kateatzen dira hotzak, beldurrak, betekadak eta etxeko lanak buruko zentrifugatzailean.

Zer kaltegarria den nostalgia! Gizarte zoriontsu eta eredugarri batetik bagentoz bezala. Ematen du ahaztu egin zaigula nola bizi nahi dugun pentsatzeko betarik gabe bizitzera behartzen gaituen gizarte baten parte garela. Gizarteak hala exijitzen duelako dauzkagula antolaketa negargarriak oinarrizko beharretarako. Gure gizarte hau den bezalakoa delako garrantzitsuagoa dela zer egin duzun adieraztea, egitea baino; zenbat daukazun erakustea, zer izan nahiko zenukeen amestea baino; azkar joatea nora baino; politikoki zuzena izatea zeure buruarekin leial jokatzea baino; zer erosi erabakitzea zertarako baino; denboraren kontra ibiltzea, galtzea baino; curriculuma gizentzeko tituluak biltzea, ikastea baino; itxura ona ematea, zeurea azaltzea baino; ezarritako bideetan otzan jarraitzea, berriak zabaltzen saiatzea baino. Halakoxea zen gure gizartea gaitz ezezaguna agertu arte.

Bederatzi hilabete pasatu dira. Maskara jantzita irteten gara beharrezko denetan bakarrik (eta erostera, beharrezkoa ez bada ere), ez dugu inor besarkatzen, muxuak osasun delitu bihurtu ditugu, ahaleginak egiten ditugu inorengana ez hurbiltzeko eta zehar-begiratua botatzen diogu arauak betetzen ez dituen susmagarriari. Sinistu nahi nuke hau guztia pasatakoan zerbait aldatuko dela gugan, eta ondorioz gure gizartean, baina konformatuko naiz irribarre nola egin ahazten ez badugu maskarak eranzteko egunerako eta elkarren beroa sentitzeko gogoa itzultzen bazaigu.

Amesten ditudan aldaketak gauzatzeko pandemia bat ez da nahikoa.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!