Bizi bezala joan zara: isil, umil, bakean. Horrela ezagutu zintugun Erretiro baserrian eskolak ematen. Gutako askorentzat Erretiro baserria Unibertsitatea izan zen. Han elkartzen ginen baserriko mandio ondoko ikasgelan neska eta mutil. Zer ez zenuen irakasten han! Gure arteko batzuk batxilergoa egiteko prestatzen gintuzun, beste batzuk lanbide aurreko ikasketak egiteko. Han ikasi genituen, matematika geografia, zientziak....musika, frantsesa, mekanografia, kristau bidea euskaraz erakusten zenuen. Tolosa, Txarama, Lizartzako... zenbat gazte pasa ginen zure gelatik. Asko zor dizugu eta hori zuk ondo dakizu.
Aurrerago, baserriko irakasgela utzi eta Laskorain Ikastolan lan egitea eskaini zizuten. Han egin genuen topo berriro, zure ikasle izan ginen batzuk, oraingoan lankide.
Bihozbera, biguna, maitekorra eta irakasle ona izan zinen han ezagutu zenituen ehunka haurtxoentzat. Ziur nago horrela oroitzen zaituztela.
Eta irakasle-lagun izan zaitugunontzat eredugarria. Zaila egiten da hitzetan jartzea bihotzak soilik esan dezakeena. Beraz, isiltasunean, har ezazu muxu bat. Muxu bana, maite izan zaitugun guztion partetik. Edonon zaudela ere, ez ahaztu hemen utzi dituzunak.
Agur Kaxilda andereñoa.