Ibarrako etxearen desalojoaren aurrean [Antolakuntza Komunala]

Antolakuntza Komunaletik, aste honetan, Ibarran okupatuta genuen jabetza publikoko etxe baten desalojoa salatu nahi dugu. Bizilagunek mugimendu “arraroak” sumatu zituztenaren kontuarekin segituan zipaioz bete zen ingurua, bi kide etxe barruan aurkitzen zirelarik. Sarbide blokeatu gabe genuenez zipaioak azkar batean sartu ziren etxebizitza barrura. Azkenik, hauen presioaren ondorioz bertatik ateratzea erabaki genuen.

Orain arte errepikatzen goazen bezala egoera latzean aurkitzen gara egungo gizarte kapitalistan.  Gehiengoaren (langile klasearen) esplotazioan oinarritzen den gizarte honetan gutxi batzuk (Burgesia) aberastasun sozialaren jabe dira; eta egoera honetan langile klaseko kideok ezintasun garbiak ditugu gure behar zein nahi desberdinak asetu eta garatzeko (etxebizitzarena kasu), etengabeko miseria, prekarietate zein  inestabilitate batera kondenatuz.

Zentzu honetan,  aberastasun sozialaren jabe den klasearen boterea gainontzekoak zapaltzean oinarritzen bada, bi klaseen interesak “asetzea” helburu duten instituzioek (Instituzio publikoak adibidez)  ezinezkoa dure arazo hauek gainditzea, eta are gutxiago krisi garaietan. Egun, klase menderatzaileak boterea duen momentutik instituzio (publiko) hauek beraien interesetara bideratzeko gaitasuna uka ezina baita eta, aldi berean, instituzio (publiko) hauen erroan sakonduz gero ere muga garbiak azaltzen zaizkigu. Instituzioek funtzionatzeko beharrezkoa duten dirua klase menderatzailearen eskuetan dauden ekoizpen(esplotazio) harremanetan du jatorria. Horren adierazle garbia da, krisi garaietan burgesiaren mesedetara dauden erreformak egitera beharturik egotea (instituzio horien funtzionamenduak jarrai dezan); nork ez du noizpait desilusiorik hartu, mundua aldatzera doan indar politiko batek instituzioak hartu ondoreneko gestioarekin? Instituzio horiek ezinbestean jabetza pribatua babestu behar duten momentutik, langilegoaren kateak erreproduzitzea beste aukerarik ez zaie geratzen. Horren adibide, emakumea objektu sexual bihurtzen duten kanpaina mediatikoak (enpresa pribatuek garatzen dituztenak) zentsuratzeko ezintasuna. Azkenik, eta gure gaira bueltaturik, azpimarratu nahiko genuke burgesiak aberastasun soziala (etxebizitzak adb.) bere jabetzan eduki eta etekinak ateratzeko erabiltzen duen heinean, mila bider saiatuta ere egungo instituzio hauek ezinezkoa izango dutela aberastasun sozial guzti horren jabe egin eta gehiengoaren beharrak asetzera bideratzea (denok baitakigu ezinezkoa izango zaiela beharra dugun guztioi etxe bat bermatu ahal izatea).

Laburbilduz, gure zapalkuntza eta miseria sortzen duen klaseak boterea duen momentutik instituzio hauek beren mesedetara jartzeko gaitasuna dute eta gainera boteredun klase honen mesedetara dauden giza-esplotazio harremanetan oinarritzen direnez ezinezkoa izango dute gizarte hau bera iraultzea gure mesedetan.

Guzti honengatik gure hautuan berresten gara, hau da,  kapitalismoaren gaindipenean eta honetarako langile klasearen eta bere mesedetara egongo den botere kolektiboaren sorreran berresten gara; zeina, merkatuan oinarrituriko zapalkuntza harremanen bitartez beharrean kolektiboki eta autogestioaren bitartez garatuko den. Gaur egun, Antolakuntza Komunaletik, behar izan basikoak (etxebizitza, janaria, garraioa, elektrizitatea etab.) asetzeko botere/gaitasunean pausoak ematea dugu apustu nagusia. Lanketa honen baitan kokatu behar ditugu San Blaseko etxearen inaugurazioa (lan ugari egin ondoren iada zenbait kide bizitzen ari diren etxea), martxan jarri ditugun baratza tailerrak (kolektiboki baratzak kudeatzen hasteko lehen pausoak), elkartasun eta laguntza sareen eraketa (Behar izan basikoak asetzen joateko aportazio ezberdinen sareak) eta baita desalojatu berri izan den Ibarrako etxea. Agerian dago, autoantolakuntza hau izan dela historikoki eta izango dela aurrerantzean ere, gehien behar duten horien bermerik handiena.

Zapalkuntzak eta miseria edonon zabaltzen duen gizarte eta klasearen aurrean gure askatasuna lortu eta garapen pertsonal zein kolektiboa burutu ahal izateko boterearen sorrerari ekiteko deia egiten jarraitzen dugu beraz. Eta azken aste honetako gertakariak kontuan izanik Ibarran ere prozesu honetan jarraitzeko hautua egina dugu. Beraz, adi Antolakuntza Komunalaren eskutik datorren jardunari eta mobilizazioei.

Bestalde, gogoan izan Antolakuntza Komunalak abenduaren 5ean 19:00etan asanblada ireki bat burutuko duela Tolosako abastosen proiektua bere osotasunean azaltzeko.

ANTOLAKUNTZA KOMUNALA

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!