Ezjakintasuna vs Elkartasun Antolatua

Erabiltzailearen aurpegia Antolakuntza Komunala 2018ko aza. 13a, 16:05

Idatzi hau San Blaseko etxea kudeatzen duen Antolakuntza Komunalaren eta ondoko baratzean lanean aritzen diren norbanakoen artean idatzi dugu, Irailak 21ean Diario Vasco egunkariko Tolosako kronikan anonimo batek idatzitako artikuluari erantzuteko.

Bertan esaten direnak gezurtatu nahiko genituzke. Artikulua afirmazio gogor eta merke honekin hasten da: “Dado el penoso estado en el que se enquentra la antigua casita del enterrador...”. Argi eta garbi ikus daiteke, etxea egoera penagarrian egon zen garaia orain dela 2 urte artekoa izan zela. Urte horietan etxea hutsik zegoen, barrutik guztia hondatzen ari zen eta zikinkeria eta miseria pilatzeko toki hil bat besterik ez zen. Azken 2 urte hauetan ordea, etxeak bizia hartu du eta barrualde guztian lan ugari egin ondoren, modu duinean bizitzeko moduan dago.

Guzti hau gainera, gaur egun geroz eta desagertuago dagoen elkartasun terminoetan eman da, auzolanean eta guztia jaten ari den interes diruzaletik kanpo. Gure erritmora egin dugu lan, hobeto esanda, egunero lotzen gaituzten lan prekario eta ikasketek uzten ziguten erritmoan, baino beti pauso sendoz eta norabiderik galdu gabe. Aurreratzen dugu gainera, etorkizunean are eta egoera hobean egongo dela etxea, bai barrutik eta bai kanpotik, indarra eta gogoa ez baitzaizkigu falta.

Ondoren, lasai asko, honakoa botatzen du: “No sería mala idea ceder el edificio a alguna familia, a condición de que cuidara la casa y su huertita...”. Esaldi honen zentzugabetasuna agerian utzi nahiko genuke. Familia bati zertarako utzi, jadanik bertan bizi bada etxea zaintzeko eta defendatzeko prest dagoen familia sendo bat? Are gehiago, familiatik haratago doan proiektu bat da gurea, indibidualetik haratago, izan ere ez baitugu helburutzat gure bizitza modu aislatuan egitea eta kitto. Proiektu kolektibo bat da hau, zeinetan elkartasun harremanak garatzen ditugun eta gehien behar duten horien babesgune den, erorketa libre kapitalista honetan etorkizun printza bat. Hau guztia gainera, propietate pribatuaren antagonismotik, propietate kolektiboaren eraikuntzatik eta okupazioaren zilegitasunetik.

Ziur irakurle askok baduela bertan garatzen ari den proiektuaren berri, baino informazio gehiago nahi duenak orain dela denbora bat argitaratu zen erreportai honetan aurki dezake (https://ataria.eus/tolosaldea/1479403745547-okupazioa-sistemari-alternatiba). Esan beharra dago, erreportaje horretatik gaur arte proiektua gehiago garatzen joan dela, baina zantzu nagusiak ulertzeko balio du.

Ondoren, etxearekin batera ondoko baratza aipatzen du: “la casa y su huertita...”. Baratza ez du Antolakuntza Komunalak kudeatzen baino harremanetan gaude elkarrekin eta elkarlanerako zubiak eraikita ditugu. Hala ere, baratza hori urte luzetan zehar baita ere auzolanean, horren txukun eta kapritxo politez beteta mantendu dutenei, bat-batean Gipuzkoako egunkari irakurrienean horrelako itsusia egitea lotsagarria iruditzen zaigu.

Azkenik, etxeari lotuta dauden komun publikoak aipatzen ditu: “los servicios que lamentablemente están ya cerrados… es una pena que se encuentren en estas condiciones.” Ba bai, pena bat da, baino horren atzeko errealitatea zein den azaldu beharko genuke, bestela norbaitek pentsa dezake bertan bizi direnen erantzukizuna dela. Hilerria kudeatzen duen eta udaletxearen azpikontrata den enpresak itxi zituen komunak, eta komunetako ura ere moztu zuen etxean bizi den jendeari bizi baldintzak okertzeko asmo soilarekin. Benetan behar dutenei ura bezalako oinarrizko baliabide bat inongo mediaziorik gabe kentzeak erakusten du zein puntu absurdutaraino iritsi daiteken itsukeria kapitalista.

Besterik gabe, bai baratzako norbanakoak eta baita Antolakuntza Komunalak artikulu hori idatzi duena gonbidatu nahiko genuke guregana etorri, baratza eta proiektua ezagutu eta bere buruan errealitatearen argazki osatuago bat egitera, behar ez den lekuan zentzugabekeriak idazten hasi aurretik.

ANTOLAKUNTZA KOMUNALAK ETA SANBLASEKO HILERRIAREN ONDOKO BARATZAKO KIDEEK SINATUA

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!