Krisiarekin batera, etxe kaleratzeak eta gazteen emantzipatzeko ezintasuna areagotzen joan zen; horrez gain, etxegabeen eta Tolosako zenbait sektorek etxe bat edukitzeko duten ezintasuna ere arazo nabariak izan dira aspalditik. Baina , aldi berean, herrian zein eskualdean etxe huts asko aurkitzen dira (2.500 inguru) eta eraikitze zein erreformatze planak irekitzen jarraitzen dira (Ia hilabetero aurkitzen ditugu “obratan” dauden guneak). Inpotentzia egoera horren aurrean argi ikusi genuen gure arazo ezberdinei aurre egiteko zailtasunak etxebizitzak merkantzia gisa aurkitzen direlako dauzkagula. Hau da, etxebizitzen salmentan, hauen jabetza dutenak etekinak ateratzen joango dira baina gu aldiz, erosteko ahalmena (dirua) ez dugunok ezer gabe geratuko gara (gurasoen etxean geratuz, kale gorrian, baldintza ez duinetan edo etengabeko inestabilitate batean egonez).
Egoera honi aurre egiteko beraz etxebizitzen merkantzia izaera gainditu eta diruaren formatik haratago elkartasunaren bitartez eta kolektiboki behar hau asetzeko pausoak ematearen alde lerrokatu ginen. Nolabaiteko norabide bat irudikatuta martxan jartzea erabaki genuen, horrela San Blaseko etxearekin (Hilerri ondokoetxea) topatu ginen;udaletxearen “jabetzan” dagoen eta urte luzez hutsik eta erabilerarik/mantenurik jaso gabe egon den etxea. Aukera ezin hobe baten aurrean aurkitzen ginen proiektua eraikitzen hasteko eta lanari ekin genion.
Alde batetik, etxebizitzaren auziari aurre egitera bidean San Blaseko etxea okupatu eta egokitze lanetan hasi ginen. Esan beharra dugu, etxea egoera tamalgarrian aurkitzen zela, zikinkeria ugari, paretak eta lurrak zuloekin, instalazio elektrikoa egoera txarrean etab.Hala ere, gogo eta ilusioak, bidean eduki ditugun arazoei aurre egitea ahalbideratu du. Erreforma ezberdinak, garbiketa, auzolanak, altzairuak lortzeko birak eta lan ugari egin ostean bizitzeko moduan jarri genuen. Gaur egun, oraindik lan ezberdinak geratzen zaizkigun arren jada zenbait pertsona bizitzen ari dira bertan. Aurrerapen hau, garaipen gisa identifikatzen dugu eta kolektiboki antolatzeak ematen duen indarraren adierazle da. Bestalde, Sanblaseko etxeaz gain beste zenbait etxebizitza egokitu eta tenporalki zenbait pertsona egon ziren bizitzen, hala ere, arazo ezberdinengatik momentuz utzi egin genituen.
Beste aldetik, garrantzi berezia izan duen prozesu bat ireki genuen: proiektuaren oinarriak zehaztu eta estrukturazio fase bat aurrera ematea. Oinarriei dagokienez, etxebizitzaren merkantzia izaera ukatzea eta kolektiboki antolatzeko beharra identifikatu genituen, baina arlo honetan sakonduz merkantzien ekoizpenak gizarte kapitalistari erantzuten diola eta klase menperatzailearen (Burgesiaren) interesen mesedetara dagoela ondorioztatu genuen. Beraz, hau gainditzeko kolektiboki antolatzeko beharra langile klaseko kideok genuela. Estrukturazio faseari dagokionez, etxebizitzaz gain behar basiko ezberdinak asetzeari (janaria edo garraioa adb.) ere ekingo geniola erabaki genuen. Honekin batera, diruaren logikatik at behar ezberdin hauek asetzen joateko bitarteko ezberdinak zehazten joan eta hau guztia martxan jartzeko antolakuntza eredu bat diseinatu genuen. Bestalde, Tolosako herrira mugatu beharrean eskualde osoko proiektu bat izateko hautua hartu genuen, jadanik herri ezberdinetako kideek parte hartzen dutelarik, nahiz eta oraindik zabaltzeko asko geratzen den, herri ugariz osaturiko eskualdea baita.Prozesu honen amaiera gisa proiektuaren izena aldatzea erabaki genuen. Lehendik genuen izenak (etxebizitza asanblada) ez zuen ongi adierazten gure jarduna, ez baita etxebizitzara mugatzen.
Antolakuntza komunala izango gara hemendik aurrera. Gizarte kapitalista iraultzeko apustua egiten duen eta gaur gaurkoz langile klasearen emantzipaziorako borrokan behar basiko ezberdinak kolektiboki (merkantziaren/diruaren logikatik at) asetzeko apustua egiten dugun kolektiboa.
Erronka hauek elikatzeko eta zehazki proiektuan parte hartzeko deia egiten diogu eskualdeko langile klaseari (behar basiko ezberdinak bermatuak izan ala ez). Zapalkuntza eta dominazio egoera konstantean mantentzen gaituen klasearen eta gizartearen aurrean altxa eta gure beharrei erantzungo dien harreman eta ekoizpen eredua eraikitzeko prest gaude, eskualdea astintzeko prest gaude beraz; horregatik ziur daukagu bidean aurkituko garela, klase borroka gizarteko esparru guztiak barnebildu zein baldintzatzen dituen errealitatea da eta guk bertan parte aktibo izatea erabaki baitugu.
Bukatzeko proiektua gertuagotik ezagutu eta harremantzeko aukera ezin hobea izango duzuela igande honetan (Urriak 28), Sanblaseko etxearen inaugurazio egunean; eta bertara gerturatzeko gonbidapena luzatu nahiko genuke.