Ondo bizi!

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkola Agirrezabala 2026ko ekainaren 28a

Etapa guztiak iristen omen dira bukaerara, eta hau da nirearen amaiera ATARIAn. 2019an –duela sei urte, erraz esaten da!– hasi nintzen lehen artikuluak idazten txoko honetan, eta iritsi da agurtzeko garaia. Ia 40 artikulu idatzi ditut urte hauetan, eta lehenengoan aipatu bezala, bakoitza ardura eta erantzukizun handiz idazten saiatu naiz.

Ez da erraza orri zuri baten aurrean jartzea, eta aldiro-aldiro ideia edo ikuspuntu ezberdin bat ematea, ezta irakurleari mezu interesgarri bat helaraztea ere. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkizut, ATARIA, hemen idazteko aukera emateagatik, nigan konfiantza jartzeagatik eta artikuluak jasotzeko epearekin izandako pazientziagatik.

Nire ezinegonen, bizipenen eta hausnarketen bilgune izan da txoko hau, nire mundu ikuskera ardazten duten balioena. Elikadura burujabetza, feminismoa, euskara, desberdintasun sozialak, herritarren eta herrien burujabetza... Askotariko gaiak ekarri ditut lerroartera, justizia soziala ortzi-mugan hartuta. Pozik geratuko nintzateke idatzitako zerbaitek zuetako norbaitengan eraginik izan badu, txikia bada ere.

Eskerrak eman nahi dizkizuet, halaber, urte hauetan guztietan nire artikuluak irakurri eta zuzendu dituzuenoi. Emakumea izanda ez da erraza espazio publikoa hartzeko konfiantza sentitzea, eta idazten duzun horri balioa ematea. Eta eskertu nahi dizuet, baita ere, nire begirada kritikoa elikatzen duzuen guztioi, mundu konplexu hau ulertzeko erremintak ematen dizkidazuenoi, gizarteari behetik begiratzeko ezagutza eskaini didazuenoi. Antropologiak utzitako irakaspen handietako batek dioen gisan, ez baita ezer «naturala eta berezkoa». Jarraituko dugu, beraz, konspiratzen eta amesten.

«Urte askotan euskaratik eta euskaraz Tolosaldearen berri ematen, eskualdea saretzen, komunitatea eraikitzen eta herritarren ahotsa izaten jarrai dezazula opa dizut, ATARIA»
 
 

Gauza jakina da mundua gero eta lehiakorragoa dela, eta euskal hedabideen sektorea ere ez da salbuespena. Hainbat eragile pizkundearen beharra lehen lerroan jartzen ari diren garaiotan, euskal hedabide osasuntsuak ezinbestekoak dira euskararen normalizazioak aurrera egingo badu: egitura sendoak eta hazteko anbizioa dutenak, eta ez bizirautera eta prekaritatera kondenatuta daudenak. Horregatik, urte askotan euskaratik eta euskaraz Tolosaldearen berri ematen, eskualdea saretzen, komunitatea eraikitzen eta herritarren ahotsa izaten jarrai dezazula opa dizut, ATARIA; eta bide horretan, lagun izan ditzazula instituzioak, eragileak zein herritarrak. Nik gertutik jarraituko zaitut, ez izan zalantzarik. Ondo bizi denok!

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!