Izan ere, azken hilabeteetan erdigune politikoa hartu du euskarak. Egun hauetako albiste izan dira administrazioetako hizkuntza-eskakizunak atzera bota dituzten epaien inguruan Argiak egindako ikerketa, Korrika eta alderdi politiko nagusiek Enplegu Publikoaren Legea adosteko negoziazioak, besteak beste.
«Arabara bizitzera joan zenetik, euskarari eta euskaldunei begiratzeko modua aldatu zaiola aipatu dit lagunak. Berarentzat, eguneroko erabaki politikoa da euskaraz bizitzea»
Arabara bizitzera joan zenetik, euskarari eta euskaldunei begiratzeko modua aldatu zaiola aipatu dit lagunak. Berarentzat, eguneroko erabaki politikoa da euskaraz bizitzea. Eta hori antzeman du baita ere inguruko hainbat lagunengan edo beste herrialde batean jaio eta Euskal Herrira bizitzera etorri direnen artean: euskara ikasteko eta erabiltzeko eguneroko hautua.
Hain zuzen, aipatu nion Iñaki Iurrebaso soziolinguistaren tesiaren oinarrietako bat: herritarren
% 8k erdaraz hitz egiteko gaitasun handiagoa duela, eta ondorioz, askok gaztelaniaz hitz egiteko erraztasun handiagoa dutela. Orduan, lagunak erantzun zidan ea zer egin behar ote zen euskara dakiten eta gaztelania sarri-sarri eta etengabe darabilten euskaldunekin. Eta gehitu zuen euskaldunok zein jarrera ditugun euskara ikasten ari direnekin, eta ea laguntzen ote ditugun prozesu horretan. Ea norengan jartzen ari ginen ardura, behin eta berriro.
Orain dela egun gutxi bertsolari lapurtar bati egindako elkarrizketa bat entzun nuen, gazteen artean fama handi xamarra duen podcast batean. Bi kazetariek bertsolariari galdetu zioten euskarak Ipar Euskal Herrian zuen egoeraz, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa leku homogeneo gisa tratatuz. Elkarrizketatuak nabarmendu zuen ez zela egoera bera Lapurdiko kostaldean edota Nafarroa Behereko barnealdean. Ezta Zuberoan ere. Bi kazetariek harriduraz hartu zuten erantzuna. Badirudi egoera txarragoa izatea espero zutela. Kontrara, indar erakustaldi ederra eman digute beste behin Etxepare Lizeoko ikasleek, Baxoan matematikako azterketa euskaraz erantzungo dutela jakinarazi baitute.
Horrek guztiak pentsarazi dit ez ote dugun askotan gure zilborrera begira hitz egiten, eta akaso gure herri eta hirietako dinamiketatik kanpo pentsatzeak Euskal Herriaren osotasuna aintzat hartzen lagunduko ligukeela.