Are zailagoa da ATARIAko txoko honetan hainbat aldiz elkar topatu dugunean. Dagoeneko idatzi dut erailketa matxistez —Tatiana gogoan zaitugu—, instituzioek hartutako neurriek elikadura burujabetzari eta, oro har, lehen sektoreari eragiten dioten kalteez —Mercosur ituna azken adibidea—, gertukoengan barreiatzen ari diren jarrera arrazisten gorakadaz —errazagoa da ahulena jo-puntuan jartzea desparekotasun sozialen oinarrian dagoenari begiratzea baino—, bizi baldintzen okertzeez —martxoaren 17ko greba orokorra dugu ate-joka—, euskararen aurkako etengabeko erasoez —ea aurtengo Korrikak pizkundearen txinparta pizten balio duen—, Palestinaren aurkako genozidioaz —luze dirauena nahiz eta hedabideetako titularretan dagoeneko ageri ez den—... Eta munduaren norabidea ikusita, hilabeteak joan eta hilabeteak etorri, ez dute gai horiek gaurkotasunik galdu.
«Eta, hain zuzen, testu horiek idatzi ditudan bakoitzean, buruan etengabe bueltaka dabilkidan ideia da ea testu hau interesgarria izango ote den zuretzat»
Eta, hain zuzen, testu horiek idatzi ditudan bakoitzean, buruan etengabe bueltaka dabilkidan ideia da ea testu hau interesgarria izango ote den zuretzat. Gustura irakurriko ote duzun, argi adieraziko ote dudan nire iritzia, ea nire argudioekin bat egingo ote duzun edo, kontrara, huskeria irudituko zaizun eta kritikatuko ote duzun.
Horrek pentsatzera eraman nau egunerokoan zenbat gauza egiten ditugun guk geuk benetan hala nahi ditugulako eta zenbat besteen oniritzia lortzeko. Zenbat gauza egiten ditugun inertziaz gugandik hori espero delako eta egiteak (edo ez egiteak) ingurukoak mindu edo dezepziona ditzakeelako. Zein momentutan, unetan eta egoeratan isiltzen garen eta zeinetan ausartzen garen hitza hartzera. Askotan besteak gu onartzeko premia horrengatik ez ote ditugun gatazkak ekiditen. Duela urte batzuk esan zidaten gatazka oro ongi-etorria dela aldaketak eragiten dituelako, baina, nire kasuan behintzat, errazagoa da teoria praktika baino.
Eta zer diren gauzak: artikulu hau bukatzear nagoenean pentsatzen jarraitzen dut badirela beste mila gai interesgarriagoak orri zuri hau betetzeko. Munduari begiratu besterik ez dago. Baina gaur kanpoko mundutik atseden hartu eta barrura begiratzea erabaki dut, irakurle.