Behin eta berriz esan digute euskararen ezagutza handitu dela, baina ez dela erabilera proportzio berean handitu. Airea bezala hedatu den baieztapen horrek euskaldunon gain jarri izan du euskararen erabilera baxuaren zama azken urte hauetan, erabilera falta euskaldunon atxikimendu faltari leporatuz. Ordea, Goikoetxeak azpimarratu du ezagutza baino gaitasuna dela erreparatu beharrekoa. Alegia, nork du euskaraz lasai eta gustura hitz egiteko gaitasuna? Eta gaztelaniaz edo frantsesez aritzekoa? Zein da aldea? Erdaldun elebakarren kopurua askoz ere handiagoa da euskaldun elebakarrena baino (ia ez da existitzen 16 urtetik gorako herritarren artean). Dagoen gaitasunerako, handia omen da erabilera (horra hor euskaldunon atxikimendua), baina testuingurua hori izanda, zaila da nahi izanda ere euskaraz hitz egitea. Zenbat aldiz hasi ote gara euskaraz, eta bueltan «no entiendo» jaso?
«Nork du euskaraz lasai eta gustura hitz egiteko gaitasuna? Eta gaztelaniaz edo frantsesez aritzekoa? Zein da aldea?»
Goikoetxeak aipatu zuen, baita ere, haur eta gazteak direla euskaraz gehien jarduten dutenak, nahiz eta hor ere adi egoteko datuak badiren. Ordea, hitzaldiaren ondorengo solasaldian galdera eta iruzkin ugari izan ziren gazte eta haurren ingurukoak, beren euskararen erabileragatik kezkatuta. Zer pentsa eman zidan: ez ote dugun ingurura begiratzen geure jarrerei erreparatu beharrean. Zein jarrera ditugu helduok? Zein eredu ematen diegu? Ez ote da garaia geure buruari begira hastekoa? Izan ere, nago, bertsolari esanguratsu batek behin aipatu zuen bezala, erdaraz aritzen garela euskaraz ari garelakoan.
Azkenaldian, euskalgintzak ahoan darabil indarraldi edo jauzi baten beharra. Nola piztu txinparta, ordea? Euskararen zapalkuntza egiturazkoa izanik, nola bultza ditzakegu egiturazko aldaketak? Zertarako prest daude instituzioak? Eta nola eragin dezakegu euskaltzaleok? Hezkuntza sistemak, pantailek edota sare sozialek? Galdera gehiago ditut baieztapenak baino. Ea botoi egokia zapaltzen dugun, Euskararen Egunean, Bilboko «erdalduntze makina» salatzeko egindako manifestazioko manifestari batek esan bezala, salbu baitago euskara; ez, ordea, euskaldunak.