Zubi azpian

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkola Agirrezabala 2025eko azaroaren 9a

Segurtasunaren arazoa» gero eta toki gehiago hartzen ari da hedabideetako lerroburuetan zein sare sozialetan. «Gezur bat mila aldiz errepikatuz gero, egia bihurtzen da» zioen Joseph Goebbels Propaganda sailburu naziak, eta nago berdina gertatzen ari dela inguruan. Iritzi publikoan propio eragin nahian ari direla batzuk, herritarren kezka nagusienen artean segurtasuna lehen postuetan ager dadin.

Komunikazio ikasketak egin genituenean ondo ikasi genuen hedabideek iritzi publikoan eragiteko gaitasuna dutela, eta gaur egun, hedabide asko zurrumurruen bidez ari dira «informazioa» ematen. Sare sozialetan ere etengabekoa da horrelako albisteen jarioa, eta horiei gehitu behar zaie hainbat alderdi politikotako kideek egindako adierazpenak. Zurrumurruek, baina, gizakion pentsamenduan, aurreiritzietan eta emozioetan eragiten dute, eta ukaezina da beldurra hedatzen ari dela herritarren artean. Ondorioz, gero eta gehiago entzuten ditugu gure inguruan lehen ultraeskuinarekin lotzen ziren diskurtso arrazistak, eta alarma guztiak piztu dira udan Martzillan zein Hernanin magrebtarren aurka antolatutako talde erasoekin.

«Nori egiten dio mesede osasungintzako edo hezkuntzako pribatizazioaz edo etxebizitzen prezioaz hitz egin beharrean delinkuentziaz hitz egiteak?»

Beldurra ezinbesteko emozioa da herritarrontzat, baina gehiegizko beldurrak blokeora eraman gaitzake, baita erreakzionatzeko eta agentzia edukitzeko gaitasuna galtzera ere. Konplexutasun handiko gaiek hari-mutur asko izaten dituzte, eta hedabideek horiek ulertzeko gakoak eman beharko lituzkete. Olivier de Schutter NBEko txostengilearen ikerketa ardatz hartuta Argiak egindako erreportajean nabarmendu den legez, «lotura dago gobernuen austeritate politiken eta ultraeskuinaren diskurtsoen gorakadaren artean». Autoreak garrantzitsutzat jo du gizarte babesa inbertsio sozialtzat hartzea –ez kostutzat–, eta nabarmendu du gaur egungo 'ongizate sistemaren' gabeziei etekina ateratzen diela eskuin muturrak. Beste modu batera esanda, nori egiten dio mesede osasungintzako edo hezkuntzako pribatizazioaz edota etxebizitzen prezioaz hitz egin beharrean delinkuentziaz hitz egiteak? Zergatik jartzen dira jomugan ustez diru laguntzekin bizitzera datozenak munduko aberastasunaren % 41aren jabe denean herritarren % 1? Nor da benetan herritarren arteko desparekotasun handienen erantzulea?

Instituzioek herritar guztien eskubide guztiak bermatu dituzte, eta onartezina da talde bat kriminalizatzea, edota, are, beren deportazioa iradokitzea. Oinarrizko giza eskubideen aurkakoa delako. Zubi azpietatik atera eta bizitza duin baterako sarbidea erraztea. Hori izango litzateke «segurtasunaren arazoa» konpontzeko irtenbideetako bat.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!