Politika eta kirola ez direla nahastu behar dioten garaiotan, gogoan dut euskal selekzioa aldarrikatzeko Tourra baliatzen genuenekoa. ESAITen deiari erantzunez, Tourmaleteko gainak bete izan ditugu euskaldunok mundu osoan zehar euskal selekzioarekin jokatzeko eskubidea aldarrikatzeko. Edozein mobilizazioren helburua da horrek eragina izatea eta erakusleiho handiak baliatu izan dira aldarrikapenak lau haizeetara zabaltzeko.
Egun hauetan Espainiako Itzulia jokatzen ari dira Espainiako Estatuko lurretan, eta kirol ikuspegitik jarraitzen ez banaiz ere, ilusioa piztu didate han eta hemen piztu diren protestek. Ez guztiei, ordea: Bilboko etapa lehenago amaituarazi zuten egun horretan bertan telebista publikoaren albistegi hasieran entzundakoekin segituan ulertu nuen polemika martxan zela: «Etaparen amaiera beltza Bilbon». Bati baino gehiagori entzun diot kirola eta politika ez direla nahastu behar, eta manifestariei ere egotzi diete «Euskadiren aurpegia zikintzea». Protesta baten oinarrian politika dago jakina, baina politika da baita ere Israelen «enbaxadore» den talde batek Espainiako Itzulian parte hartzea.
«Mendebaldeko gobernuen konplizitatearen eta utzikeriak eragiten duen etsipenaren aurrean, palestinarrei duintasun pixka bat emateko egin dezakegun gutxienekoa da Espainiako Itzuliaren normaltasuna haustea»
2023ko urriaren 7az geroztik, (ez da ahaztu behar Palestinaren aurkako okupazioa eta apartheida 1948an Israelgo Estatuaren sorrerarekin berarekin hasi zela) milaka gazatar erail ditu Israelek. Hain da lazgarria kopurua, ezen ohitu ere egin baikara sarraskira. 62.000 pertsona erailda. 156.000 zauritu baino gehiago. 220 kazetari baino gehiagok galdu dute bizia eta 1.600 medikuk. 2.200 haur gurasorik gabe utzi dituzte. Israelen genozidioaren kopuru batzuk besterik ez dira, azken 22 hilabeteotako bonbardaketa, blokeo, suntsiketa eta oso ongi diseinatutako gosetearen ondoriozkoak. Eta okerrena da zenbakiak hazi diren heinean, gutxitu egin dela sentitzen dugun laztura.
«Telebista aurrean, iluntzeko albistegian [...] amaierarik ez duen gerra [...] ikusten ari garela, munduari su emateko gogoa sartzen zaizu, baina balkoira atera eta zigarro bat pizten duzu [...]», dio Anariren kantu batek. Mendebaldeko gobernuen konplizitatearen eta utzikeriak eragiten duen etsipenaren aurrean, palestinarrei duintasun pixka bat emateko egin dezakegun gutxienekoa da Espainiako Itzuliaren normaltasuna haustea.