Jasangarritasunaren izenean

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkola Agirrezabala

'Food 4 future' azokaren irudia.

ATARIA-ko artikulu hau zeri buruz pentsatzen ari nintzela irakurri nuen Maialen Akizuk pasa den astean Berria-n idatzitako zutabea. Fribolotzat jo zuen zutabegintza, eta erabat identifikatuta sentitu nintzen harekin. Horrela idatzi zuen: «Gertatzen zait Palestinako gatazkaz idazten dudanetan kosta egiten zaidala ondoren beste gai batera salto egitea. [...]. Barbaridade bat dela idatzi, eta nola aritu hurrengo egunean eguraldiaz, gaurko kafeaz, jasotako kritikez, minaz».

Egunero-egunero Palestinatik iristen zaizkigun albiste latzak ikusita, zaila da beste zerbaitez idaztea. Zerbaiti buruz idazten hasi, eta neure buruari galdetzen diot ea zein legitimitate daukadan gai horri buruz hitz egiteko. Etengabe, ozen eta leku guztietan salatu beharko nukeela Israel Palestinan egiten ari den genozidioa, palestinarrak jasaten ari diren sufrimendua.

Goiz batean, lanerako bidean nintzela ere sentitu nuen halako zerbait. Israelek gau hartan Gazan egin zuen beste sarraski batekin hasi zuen buletina euskarazko irrati hark: hildako eta zaurituen datuak, gosez hiltzen ari ziren haurren kopurua, laguntza humanitarioa sartzeko baimenik eza.... Aurrekoa barneratzerako etorri ziren beste hamaika kontu, aurrekoarekin zerikusirik ez zutenak. Friboloa iruditu zitzaidan hori ere, baina zer erremedio. Horien artean, aipatu zuten egun horietan ari zirela egiten BECen Food 4 future azoka. Basque Culinary Centerreko kide bati elkarrizketa egin zioten horri buruz eta horrelako egitasmoek elikadura sektorearen jasangarritasunari egiten dioten ekarpena balioetsi zuen. Solaskideek ere hartu zuten hitza: larrialdi klimatikoaren garai hauetan jasangarritasuna bultzatzen zuten egitasmoak ongi etorriak zirela, probatuko lituzketela bertan egindako berrikuntzak... Touché!

Momentu hartan, belarrian zast! egin zidaten hitzok eta beren webgunera jo nuen informazio bila. Hitz 'ponpoxoz' beteta zegoen: industriako ekoizpen-lantegiak automatizatzeko eta digitalizatzeko azken berrikuntzak aurkeztu direla, inbertsioa, ekosistema enpresarial eta berritzailea... Eusko Jaurlaritzak babestutako egitasmoa dela, eta horrek erakusten duela erakunde horrek sektore estrategikotzat jotzen duela elikadura.

«Neure buruari galdetu nion jasangarritasunaren zein ulerkera ote duten erakunde horietako kideek. Zein elikadura estrategia ari diren bultzatzen»

Neure buruari galdetu nion jasangarritasunaren zein ulerkera ote duten erakunde horietako kideek. Zein elikadura estrategia ari diren bultzatzen. Noren mesedetan eta noren kaltetan. Jasangarria? Benetan?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!