Urteurren honek bat egin du azken hilabeteetan mendebaldean hedatzen ari den gerra hotsekin (inoiz isildu badira), eta bata bestearen atzetik etorri dira Europako agintari nagusienen mezuak: Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak adierazi du Europak 800.000 milioi euro jarri beharko lituzkeela gastu militarra handitzeko, Olaf Scholz Alemaniako agintariak eta NATOk berak ere Europako herrialde guztiei die egin die arma ekoizpena masiboki areagotu dezaten, «datozen 20 urteetan leher daitekeelako Errusiaren aurkako gerra».
Hedabide nagusien laguntzarekin jarri dute martxan makineria ideologikoa agintariek. Urko Apaolaza kazetariak Argia-ko erreportaje batean jaso ditu Frantziako Le Monde egunkariko editorial bateko hitzak. Hitzez hitz, honakoa dio: «Gastu militarra handitzeak sakrifizio mingarriak suposatuko ditu, eta iritsi da garaia boto emaileen artean pedagogia egiteko». Frantzian ez ezik, esango nuke herrialde guztietan hasi direla «pedagogia» egiten, eta Euskal Herria ere ez salbuespena.
Orain dela aste batzuk, Zedarriak enpresari taldearen urteko txostenaren ondorio nagusiarekin ireki ziren albistegietako lerroburu nagusiak. Mezua argia zen: Euskal Herriko zati honetan industria jasaten ari den atzerakadari aurre egiteko errezeta magikoa da industria militarrean inbertitzea. Elkarte horretako presidentearen ustetan, industria militarrean «sekulako aukera dago», eta beraz, jendartean eztabaida irekitzeko eskatu dute. Industriako hainbat sektore zailtasunak izaten ari diren garai honetan, enpresarien etekinei eusteko eta are, handitzeko, bidea aurkitu dute.
«Ikusiko dugu etorkizunean zer gertatzen den, agintariek hartutako norabideari jarraituz, Durango eta Gernika gehiago bizitzen jarraituko baitugu Euskal Herrian bertan ekoiztutako hegazkin eta misilekin»
Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuaren hitzak ere arretaz entzutekoak dira: «Inbertsioa erasorako baino defentsarako bada, ni lasai geratzen naiz», adierazi zuen duela egun batzuk irrati batean. Ni egia esan ez naiz batere lasai gelditzen, armek, historikoki ez dutelako bakerik ekarri, gerra, heriotza, miseria eta hondamendia baizik, une honetan Palestinan ikusten ari garen bezala. Ikusiko dugu etorkizunean zer gertatzen den, agintariek hartutako norabideari jarraituz, Durango eta Gernika gehiago bizitzen jarraituko baitugu Euskal Herrian bertan ekoiztutako hegazkin eta misilekin.