Idealizazioak

Aroztegia proiektuaren aurkako manifestazioa, iragan larunbatean, Iruñeko Sarasate pasealekura iristen. AITOR KARASATORRE / FOKU

Pasa den larunbatean, milaka lagunek Iruñeko kaleak bete genituen Baztango Aroztegia proiektua geldiarazteko kanpaldia egin zuten zazpi baztandarrei babesa adierazteko. Guztira 20 urteko kartzela-zigorra eta 56.000 euroko isuna eskatzen diete talde kriminaleko kide izatea leporatuta, eta proiektuak 225 etxebizitza, 135 gelako hotel bat eta 46 hektareako golf zelai bat biltzen ditu. Bai, ongi irakurri duzu. 225 etxebizitza. 135 gela. 46 hektarea. Non eta Baztanen. 8.000 biztanle inguru bizi diren eremu batean.

Euskal Herri luze zabaletik, 18.000 pertsona gerturatu ginen Iruñera antolatzaileen arabera. 18.000 lagun Aroztegiaren proiektuaren aurka, espekulazioaren aurka, euskararen kontrako eraso larri honen aurka, ingurumenari, lurrari eta lurraldeari eraso asmo dion proiektuaren aurka. Antolatzaileek historikotzat jo zuten kopurua, egindako aurreikuspenak alde handiz bete baitziren. Beti da pozgarria kaleak aldarriz beteta egotea muturreko indibidualismoa hedatzen ari den garai honetan. Izan ere, behin eta berriro aipatu dute auzipetuek aurrekari larria jar dezakeela epaiketa honek Espainiako fiskaltzak eta obraren enpresa arduradunak egotzitakoak aurrera egingo balu epaitegietan. Are gehiago lurraldearen defentsarekin lotutako hainbat eta hainbat proiektu martxan dauden momentu honetan.

«Bai, ongi irakurri duzu. 225 etxebizitza. 135 gela. 46 hektarea. Non eta Baztanen. 8.000 biztanle inguru bizi diren eremu batean»

Iruñeko manifestazioaren ondoren Baztanera bertara gerturatzeko zortea izan nuen. Biharamun gozo hartan, Elizondoko kaleetan bezperako manifestazioa zuten hizpide askok. «Arras pozik atzo, ezta?», zioten hainbatek. Bertako lagunekin ateratako elkarrizketetan, behin eta berriro atera zen mahai gainera Baztanen edertasuna, bertan arnasten den lasaitasuna. Eta zer pentsa eman zidan, ez ote dugun oro har landa eremua erromantizatzen, idealizatzen. Klixez betetzen. Gaur egungo sistema neoliberalak eragindako abiaduraren terapia bide ez ote den. Ez ote dugun landa eremutik kanpo bizi garenok gure beharrak asetzeko kontsumo eta merkantzia gisa ikusten, eta modu berean, herriguneetako eta hirietako bizitza zoroa mantentzeko behar diren baliabideen eremu sortzaile soil. Ze, egunerokotasunean biziko al ginateke bertan? Zer baliabide beharko genituzke bertan bizitzeko? Kasualitatea ote da Baztan bezalako eskualde bat makroproiektuen jo puntuan egotea?

Olaia Intziartek eta Tatxersek kantatzen duten gisan, Aroztegia bizirik egon dadila urte luzez, bertako herritarren beharren neurrira, eta kanpotik goazenon atzaparretatik at.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!