erreportajea

Lurra, bizitzaren sostengu

Ardiak larrean Lizartzan.

Mugimendu feministak zaintza jarri du erdigunean, baina pertsonen zaintzaz gain, zerk sostengatzen du giza bizitza? Asko dira elikadura eredua erdigunean jartzen dutenak.

Mugimendu feministak azken urteetan agenda politikoaren erdigunean kokatu du zaintzaren gaia, eta milaka herritarrek ozen oihukatu dute bizitzak erdigunean egon behar duela 2018an, 2019an zein 2023an antolatutako greba feministetan.

Baina, pertsonen zaintzaz gain, zerk sostengatzen du giza bizitza? Pertsonen zaintzaz harago, zer-nola lotzen dira bizitzako elementu guztiak bizitza existitzeko baldintzak sortzeko?. Ekofeminismoaz Villabonan pasa den urte bukaeran egindako mahai inguruan Mirene Begiristain EHUko ikerlariaren eta mugimendu agroekologikoko kidearen esanetan, galdera horiei «bizkar emanda» bizi da jendartea: «Konturatu behar dugu ez dagoela gizakiaren bizitza posiblerik naturarik gabe, ez dagoela ekonomia posiblerik bizitzaren sarerik gabe eta ez dagoela teknologia posiblerik bizitzaren sarerik gabe. Ekonomia fakultatean baliabide naturalen ekonomiaz hitz egiten da eta baliabideak ekonomiaren baliabide bat gehiagotzat jotzen dira, baina, egiazki, ekonomia da naturaren errekurtsoetara moldatu behar dena, eta bere neurriak eta mugak aintzat hartu behar dituena».

Ekodependienteak ez ezik, gizakiak interdependenteak direla defendatzen du Begiristainek: «Gizakiok badugu beste lurralde bat eta hau gure gorputza da; zerbait materiala da, haragitua. Zaurgarriak diren gorputzetan bizi gara, beharrak dituzten gorputzak (elikadura, energia, zaintza...) ditugu eta horien ezaugarri komuna da kolektiboki asetu daitezkeela».

Elikadura oinarrizko beharra bada ere, herritar guztiek ez dute bermatuta eta egoera latza da lehen sektorearentzat. Leire Olano Lurtaro elkarteko kideak azaldu ditu Tolosaldeko datuak: eskualdean 190 ekoizle inguru zenbatu ditu elkarteak, baina azken urteetan nabarmen jaitsi da kopurua. Ekoizleen batez besteko adina eta errelebo falta ere elementu kezkagarriak dira.

MERKATU GLOBALAREN MENPE.

Faktore asko daude egoera horren atzean, eta elikaduraren merkatu globala da horietako bat, Begiristainen eta Gotzone Sestorain Etxaldeko Emakumeak taldeko kidearen esanetan. Azaldu dutenez, korporazio handien esku dago gaur egun sistema eta agronegozioa sustatzen ari dira: «Elikagaiak merkantzia gisa tratatzen dira, eta ondorioz, ez da ekoizten beharren arabera, merkatuaren legearen arabera eta honen eskari-eskaintza parametroetan baizik». Europar Batasuneko Nekazaritza Politika Bateratua jo du horren erantzuletzat: «EBko aurrekontuaren %25 bideratzen da NPBra, eta gaur gaurkoz, ekoizpen eredu handia eta produktibista sustatzen du. Tokiko eta txikiaren eta agroekologiaren kontrako politika bihurtzen da eta nekazaritza sektorearen %10ak jasotzen du beraiek bideratutako laguntzen erdia», azaldu du Begiristainek.

Sestorain ere iritzi berekoa da, eta ezinbestekotzat jo du elikadura burujabetzan oinarritutako estrategia: «Askotan zalantzan jartzen da ea Euskal Herria nahikoa burujabe izan daitekeen elikadurari dagokionez, eta arazoa ez da zenbat gehiago ekoitzi daitekeen, ekoizten den hori zeren arabera egiten den baizik. Mundu mailako merkatuak agintzen du ekoizpenean, eta hau ez da burujabetza irizpideetatik egiten».

Errioxako edo Nafarroako ardoa edota Nafarroako zerri eta oilasko hazkuntza jarri ditu horren adibidetzat: «Nafarroan gero eta makroetxalde handiagoak ditugu txerri hazkuntzara bideratuta, baina txerriki hori ez da Nafarroan jaten, esportatu egiten da munduaren bestaldera».

Horren aurrean, Sestorainek ezinbestekotzat jo du ulertzea arazoa sistemikoa dela: «Herri honetan industriaren, komunikabideen edota euskararen plan estrategikoak egiten ohituta gaude baina ez dugu tokiko elikadura sistema iraunkor baterako trantsizioa egiteko plan estrategikorik. Hortik abiatu beharko genuke, elikadura oinarrizko elementutzat hartuta». Era berean, nabarmendu du sistema osoa eraldatu behar dela, ekoizpenetik hasi eta kontsumoraino, eta horretarako, ezinbestekotzat jo du ekoizpen eredua berrikustea.

Egoera gordina izanik ere, bada itxaropenerako aukerarik. Azken urteetan ugaritu egin dira elikadura sistemarekin lotutako eragile eta proiektuak, eta horien artean daude Tolosaldeko Lurtaro elkartea, Biolur elkarteak Zestoako lurretan sustatu duen Amillubi proiektua Mirene Begiristain kide dena eta Sestorainek parte hartzen duen Nafarroako Mendialdeko Mankomunitateko elikadura mahaia. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako garapen elkarteei landa garapenerako programak berritzea egokitzen zaie orain, eta eskualdean ere egiteko horri ekin dio Tolomendik. Olanok azaldu du prozesu horretan parte hartuko dutela datozen hilabeteetan eskualdeko elikadura sistema biziberritzeko aurrerapausoak emateko xedez. Izan ere, guztia behar du elikadura sistemak: lehen sektore indartsua, kontsumoaren eraldaketa eta herritarren antolaketa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!