Gero eta gehiago esaten da gazteen artean diskurtso erreakzionarioak zabaltzen ari direla eta feminismoaren aurkako jarrera ere —indarkeria matxista ukatzeraino— hedatzen ari dela. Horregatik poztu nau bereziki hainbat eta hainbat gazte eserialdia egiten ikusteak kontserbatorioaren atarian, baita manifestazioetan bildu den gazte andanak ere. Mobilizazioetako lelo nagusian aipatu bezala, isiltasuna haustea eta konplize izateari uztea dagokigu.
Egunero izaten dugu eraso matxista salaketen berri, eta azken hilabeteetan hainbat emakumeren hitza zalantzan jarri dute hainbatek eraso bat epaiketa batean ez salatzeagatik. Emakumeak horren erantzule egin beharrean, erakundeek hausnartu beharko lukete erasoa jasan duen emakumeek zergatik ez duten epaitegian salatzen edota zergatik erabiltzen dituzten bestelako bideak erasoak salatzeko. Ezinbestekoa da instituzio horietako langileek formakuntza jasotzea erasoa salatzera joaten direnek arta egokia jaso dezaten.
«Ezinbestekoa da instituzio horietako langileek formakuntza jasotzea erasoa salatzera joaten direnek arta egokia jaso dezaten»
Mugimendu feministako kide garenontzat ez da aste honetan agendan markatuta genuen hitzordu bakarra. Azaroaren 30ean urtebete beteko da iazko greba feministaz geroztik, eta bihar ere berriz elkartuko gara zaintza sistema publikoa berriro aldarrikatzeko. Azken urte hauetan, instituzioek ez dute aurrerapausorik eman, eta hilabete hauetan oso-oso larriak diren testigantzak ere entzun ditugu. Esaterako, Arabako hainbat adinekoen egoitzetako egoiliarren senideek salatu dute beren senide egoiliarrek jaso duten tratu bidegabea.
Gauza jakina da hori adibide bat besterik ez dela, eta zoritxarrez bihar ere salatuko ditugu pribatizazioa eta zaintzarekin egiten ari diren negozioa. Egoiliarren zaintzaren kalitatea eta langileen lan baldintzak duintzea baino, enpresa horien irabaziak puztea helburu dutenak.
Herritarren zaintza erdigunean jartzeak, baina, berekin ekarri beharko luke lurraren zaintza. Elikadura, lurra, lurraldea zaintzea, lurraren defentsa egitea. Zaintza lanak ikuspegi zabalagotik ulertzea dagokigu, askotariko ertzak dituen gaia delako, eta hasierara itzuliz, zaintza oinarrian duten bizitzek indarkeria matxistarik gabeko bizitzak izan behar dute halabeharrez.