Eta esan dizuet ez nekiela zeri buruz idatzi artikulu hau, baina ez da, hain zuzen, gai faltagatik, kritikatzeko edo salatzeko gairik ez baita falta gure jendartean, ikusi nahi duenarentzat behintzat. Albiste latzak datoz Ekialde Hurbiletik. Ia urtebete —erraz esaten da!— igaro da Israelek Palestinaren aurkako erasoaldia gogortu zuenetik —gogortu diot, Israelek 76 urte daramatzalako Palestina azpiratzen—. Urtebete honetan, ohitu ere egin gara hildakoak, desplazatuak eta zaurituak ikustera. Ohitu gara uneoro, zuzenean, telebista edota sare sozialen bidez, genozidio baten lekuko izatera.
«Eta esan dizuet ez nekiela zeri buruz idatzi, baina ez da, hain zuzen, gai faltagatik, kritikatzeko edo salatzeko gairik ez baita falta, ikusi nahi duenarentzat behintzat»
Ohitu edo okerragoa dena, ez ikusiarena egin. Nik neuk behintzat behin baino gehiagotan itxi ditut begiak irudien krudelkeria ezin jasanda. Eta askotan pentsatu izan dut halako ankerkeria zein interesek justifikatzen ote duten. Hobe esanda, zein interes egon daitezkeen halako deshumanizazioa, halako sufrimendua, halako krudelkeria, halako genozidioa eragiteko. Noren izenean. Zeren truke. Eta are, noraino iristeko prest ote dauden. Beldurra ematen dit pentsatze hutsak.
Munduaren asaldura merezi du honek guztiak, baina, nago, etsipena dela gaur egun gailentzen den emozioa. Behin eta berriz errepikatzen baitira titularrak, injustiziaz blaitutako titularrak. Déjà vu konstante batean bizitzearen pareko.
Baina bada pozteko motiborik, salatzen duenik, kalera ateratzen denik: horren adibide, Gazako genozidioa salatzeko antolatutako manifestazioak, osasun publikoaren aldekoak, kalitatezko irakaskuntza publikoaren aldekoak, migratzaileak laguntzeagatik atxilotutako lagunei elkartasuna adierazteko elkarretaratzeak, euskararen aurkako oldarraldia salatzeko kontzentrazioak, adierazpen matxistei aurre egin dieten emakume sortzaile feministak, irakasle matxista eta faxista bat beren ikasgeletatik kanporatzeko antolatu diren ikasleak, etxegabetzeen aurka biltzen diren lagunak, lurraren defentsan ari direnak... Mundu anker honek eragiten duen etsipenaren aurrean, argi printza zarete.