Azken bi kasu horiek Nerea Barjolaren Microfísica sexista del poder, el caso Alcàsser y la construcción del terror sexual liburua ekarri didate gogorra. Ikerlariak ikuspegi feministatik aztertu du 1990eko hamarkadako kasua: gizon batek Miriam, Toñil eta Desiree nerabeak hil zituen autostop egiten ari zirenean. Bere esanetan, komunikabideek gertaera hori erabili zuten emakume belaunaldi oso bat diziplinatzeko «erregimen politikoa» zena «gertaera» gisa tratatuz, eta emakumeontzako mezu argia zabaldu zuen: kaleak ez zirela guretzat, espazio publikoa arriskutsua zela emakumeontzat eta gu ginela gertatu zenaren erantzule. Horren ondorioz, Barjolaren iritziz, emakumeon belaunaldi batek sentitu zuen hori gerta ziezaiekeela beraiei ere ezarritako mugak hautsiz gero. Komunikabideen jarrera ere salagarria izan zen Iruñeko talde bortxaketaren kasuan, besteak beste, behin eta berriro erasoaren ardura emakumearen gainean jarri zutelako eta etengabe biktima birbiktimizatu zutelako.
Horren ondorioz, erasotzaileen inguruan eraikitzen ditugun errelatoak desegokiak dira. Barneratuta dugu erasotzailea ilunetan, gauean, kale izkinatik gerturatuko zaigun munstro bat izango dela, ezezaguna, bat-batean gu erasotzea okurritzen zaion psikopata bat. Oraindik ere indarkeria matxista kasuetan bizilagunak entzun behar izaten ditugu hiltzailea mutil jatorra zela esanez, erasotzaileak pertsona txartzat edo munstrotzat hartuz eta hilketa horiek gertaera bakan eta isolatu gisa tratatuz.
«Erasotzaileak ezagunak eta gure gertukoak izan daitezke, eta hain zuzen, emakumeokiko duten botere eta pribilegio posizio hori erabiltzen dute gu erasotzeko»
Ordea, erasotzaileak ezagunak eta gure gertukoak izan daitezke (kasu askotan badira), eta hain zuzen, emakumeokiko duten botere eta pribilegio posizio hori erabiltzen dute gu erasotzeko, beren inpunitatea eta gurekiko duten botere sinboliko edo materiala baliatuz.
Ez dira gertaera hutsak, egiturazkoa da eta indarkeria matxistak askotariko aurpegiak ditu. Ez da kasualitatea artikulu hau idazten aritzea herrikide batek jasan duen eraso homofoboa salatzeko elkarretaratzea egin dugun egunean. Eraso hauen guztien aurrean, nik sinesten zaituztet.