'Vasco' edo euskal?

Pantailak euskaraz taldearen 'Aldatu gidoia' ekimenaren aurkezpena, Gasteizen. BERRIA

Gaur egun, askotariko arteaz gozatzeko aukera dugu euskaldunok diziplina ezberdinetan ari diren artistei esker. Azken urteotan, esaterako, behin eta berriz entzun dugu euskal zinema loraldia bizitzen ari dela, eta egia da euskal zinemagintzaz gozatzeko aukera izan dugula azken urteetan.

Oso gustura ikusi ditugu Loreak, Handia, Ane edota Irati filmak, batzuk aipatzearren. Azken hizpidea Espainiako Goya sariek eman zuten, behin eta berriz entzun baikenuen euskal zinemagintzak leku handia izango zuela bertan.

20.000 especies de abejas filmak, esaterako, lau sari lortu zituen iaz, eta hurrengo egunean, hainbat komunikabidek nabarmendu zuten euskal zinearen gaua izan zela. Biharamunean, sare sozialetan irakurri nuen mezu batek islatu zuen buruan bueltaka nenbilkien ideia: zerk egiten duen sorkuntza bat euskal, zerk vasco, edota nola definitu beharko genukeen euskarazko zinemagintza. Film horrek, esaterako, bai baititu euskarazko hitzak, baina elkarrizketa gehienak gaztelaniazkoak dira.

Pasa den astean, Ramon Agirre aktore ezagunak EITBn egindako elkarrizketa batean azpimarratu zuenez, ez da egia euskarazko zinemagintza loraldian dagoenik, eta horren erakusgarri da azken hilabeteotan ezin izan dugula gozatu euskaraz soilik ekoitzitako pelikula bakar batekin ere. Eta gehitu zuen ez dela berdina cine vasco edo euskarazko zinema, euskal herritarra eta euskalduna izatea gauza bera ez diren bezala.

Garrantzitsua da termino horiek ondo ezberdintzea, euskaldunok geure buruak engaina ez ditzagun, ekoizpen guztiak zaku berean sar ez ditzagun, baita diagnostiko egokiak egiteko aukera izan dezagun ere. Horrela, instituzioei aldarrikapen zuzenak egiteko aukera izango dugu, euskaldunon eskubideak ikus-entzunezkoen arloan ere benetan bermatuta egon daitezen, azken urteetan, Pantailak euskaraz mugimendua aldarrikatzen ari den bezala. Pantailak euskaraz nahi ditugula aldarrikatzeko eta euskarazko zinemagintza nahi dugula eskatzeko hitzordua deitu dute, hain zuzen, bihar bertan Gasteizen.

 

«Pantailak euskaraz nahi ditugula aldarrikatzeko eta euskarazko zinemagintza nahi dugula eskatzeko hitzordua deitu dute, hain zuzen, bihar bertan Gasteizen»



Zinemagintzan gertatzen dena bestelako arloetara ere estrapolagarria da, izan literaturgintza, musikagintza edota kulturgintza, oro har. Aldarrika dezagun euskarazko sorkuntza, hurrengoan, euskal zinemagintzak baino, euskarazko zinemagintzak bete ditzan sari banaketetako kinielak eta, jakina, baita gure pantailak ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!