Traktoreen burrunba

EHNE eta ENBA sindikatuek eta Gipuzkoako Baso Elkarteak antolatuta, martxoaren 1eko mobilizazioko irudia, Artzabaltzan. I.G.L.

Azken hilabeteetan, traktore hotsek hartu dituzte errepideak. Nekazariek desesperaziozko oihua bota digute erakundeei zein kontsumitzaileoi, eta alarma gorria piztu dute: martxa honetan jarraituz gero, ez da izango lehen sektorerik, eta ondorioz, elikagairik.

Askotariko aldarrikapenak ikusi ditugu egun hauetan, eta ez genituzke guztiak zaku berean sartu behar. Nekazaritzaren sektorea ez baita bat eta bakarra, homogeneoa, eta aldarrikapenak ere ezberdinak dira interesen arabera. Ez dute zerikusirik terrateniente baten, Caparrosoko makroetxaldeko abeltzaintza ereduan ari den edota Altzoko ekoizpen txiki batean lanean ari den nekazariaren interesek. Guztiak ari dira lehen sektorean, baina ez lurrarekin lotutako elikagaiak sortzen. Bidean da haragi sintetikoa, piszifaktorietan sortutako arraina eta laborategietan sortutako janaria.

Europar Batasunak lehen neurriak hartu ditu dagoeneko agroindustriaren interesen mesedetan. Esaterako, Agenda 2030 egitasmoaren aurka eginez, pestiziden erabilera murrizteko arauak atzera bota ditu. Traktore handienak dituztenak dira hots handiena atera dutenak, nekazari txikien kaltetan, eta lortu dute erakundeek beren aldarrikapenei men egitea, ekoizpen txikiei, ingurumenari eta biodibertsitateari bizkar emanez.

Protesta horiek agerian utzi dute lehen sektorearen egoera larria, eta neurriak hartzea ezinbestekoa izango da etorkizuna bermatua izan dezan. Neurri ekonomikoak hartu behar dira halabeharrez, eta traba burokratikoak ere murriztu behar dira, baina ezinbestekoa da hainbestek muzin egin nahi dioten ekoizpen ereduari buruzko eztabaidari ekitea. Ekoizpen ereduak lurrari lotutakoa izan behar du, naturaren denborak errespetatuko dituena eta zaintza (lurrarena, animaliena, ingurumenarena, pertsonena...) erdigunean jarriko duena.

 

«Elikagaia merkantzia da, eta ezinbestekoa da merkatuko logikatik ateratzea, herritar guztiok elikadura osasuntsua eskuragarri izan dezagun»



Martxoaren 8an, mugimendu feministak bizitzekin negoziorik ez egiteko eskatu zuen, eta lelo hori bera elikagai industriara ere ekar dezakegu. Izan ere, gaur egun, elikagaia ere merkantzia da, eta ezinbestekoa da merkatuko logikatik ateratzea, herritar guztiok elikadura osasuntsua eskuragarri izan dezagun.

Hainbeste aldarrikapenen artean, gakoa izango da gaiari ahots kritikoz eustea, arlo honetan ere boteretsuenak garaile izan ez daitezen. Izan ere, traktoreak herriari deika hasi zaizkie, baina lurra aspalditik ari zaio herriari deika. Bada garaia erakundeek norabide zehatz batean pausoak eman ditzaten, trantsizio ekologikorantz, alegia. Berandu izan baino lehen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!