Genozidioa begi bistan

Urriaren 27an Tolosan Palestinaren alde egindako elkarretaratzeko artxiboko irudia. R.C.

Hasi da urte berria eta pasa dira kontsumismo basatiko egunak. Atzean utzi dugu eguzki zaharra eta jaio da eguzki berria.

Deskantsatzeko eta deskonexiorako tartea hartu dugu batzuk —ahal izan dugunok—, itzali ditugu telebistako eta mugikorreko aplikazioetako Instagramekoak izan ezik, jakina- argiak, eta onartu behar dizuet, egun hauetako deskonexioak eraginda-edo, sare sozialetan gora eta behera ibili behar izan dudala istant batez iritzi artikulu honi ekin baino lehen.

Eta galdetu diot neure buruari nola litekeen hori Palestinaren aurkako genozidioa gertatzen ari denean. Soilik hiru hilabetean, urriaren 7az geroztik, 20.000 palestinar erail ditu Israelek, eta haurrak dira horien erdiak. Beldurtzeko modukoa da zein erraz ohitu garen irudi horietara, ezen ahaztu ere egin zaigula herrialde oso baten genozidioa gertatzen ari dela gure begien parean. Munduaren amaieraz asko hitz egiten da azken boladan. Mundua ez dakit amaituko den, baina egunez egun bere amaiera eta desagerpena bizitzen ari dena Gaza eta palestinar herria da.

 

«Soilik hiru hilabetean, urriaren 7az geroztik, 20.000 palestinar erail ditu Israelek, eta haurrak dira horien erdiak. Beldurtzeko modukoa da zein erraz ohitu garen irudi horietara»

 

Israelen helburua argia da, Gaza desagerraraztea, eta argi eta garbi adierazten dute hori Argia astekariak jaso dituen Daniela Weiss kolono sionistaren hitzek: «Argi izan behar dugu Hamas behin betiko desegitea dela helburua, bahitu israeldar guztiak askatzea eta Gazako Zerrenda osoa berregitea, komunitate israeldarrek bertan lur hartzeko [...]. Bi milioi arabiar inguru daude uneotan Gazan. Ezin dira han geratu. Beste herrialdeetara bidali behar ditugu».

Duela pare bat hilabete herriko ezagun batek esan zidan Gazako kostaldea izango zela etorkizuneko turisten helmuga. Ez turisten helmuga soilik, baita energia fosilen ustiategi nagusia ere. Ameriketako Estatu Batuek 1.700 milioi petrolio upel berreskuragarri eta 122 bilioi oin kubiko gas aurreikusi omen ditu Siria, Libano eta Palestinako kostako eremuan, eta argi dago gas horren onuradun nagusietako bat zein izango den: Europar Batasuna. Makabroegia iruditu zait egia izateko, baina trukean, jaso dute nahi zutena: Mendebaldearen isiltasun konplizea.

Batek baino gehiagok pentsatuko duzue zer egin dezakegun gure txikitasunetik hain eskala handiko erasoaldia geldiarazteko. Horra hor bi proposamen: Israelen ekoitzitako produktuak eta markak erosteari uko egitea, eta gertuko enpresen konplizitatea salatzea, CAF kasu, azkura eragiten badigu ere. Eta batez ere, ahanzturan erortzen ez utzi. Batzuk Loiuko aireportuan galdutako maletez hitz egin dezagun tematuko badira ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!