Ez dira gutxi hilaren 30ean kalera ateratzeko arrazoiak —erresidentzietako pribatizazioak, zerbitzu publikoetako murrizketak, Atzerritartasun Lege arrazista, barne erregimena, langileen lan baldintza prekarioak— eta ez da makala aurrean dugun erronka ere: zaintza sistema publiko eta komunitarioa sortzea, herritar guztion zaintza eskubide kolektiboaren alde.
Euskal Herrian, zaintzara bideratutako zerbitzuak gero eta pribatizatuagoak daude eta, kasu askotan, horien kudeaketa enpresa pribatuen bidezkoa da; horrek langileen prekarizazioa eta erregularizaziorik eza, eta enpresa gutxi batzuen negozioa dakarte. Inork egin nahi ez dituen lanak emakumeen esku geratzen dira, feminizatuak eta prekarizatuak, eta ez dute ez aitortza sozialik, ez politikorik, ezta ekonomikorik ere.
Gure (mendebaldeko zurion) pribilegioak berrikusteko egunak ere izaten ari dira hauek, eta askotan etorri zaizkit burura galdera hauek. Nola eragiten die zaintzaileei zaintzen kate globalak? Zeintzuk dira kolpatuenak eta zapalduenak kate horretan? Zein arduratzen da mendebaldeko herritarrok egiten ez ditugun zaintzez? Zein baldintzatan dauzkagu gure etxeetan lan egiten ari diren zaintzaileak? Zein aitortza ematen diegu gure eskola, erresidentziak edota ospitaleak garbitzen dituzten garbitzaileei? Zeintzuk ari dira parte hartzen gure herrietako asanbladatan? Egun hauetan ere ezin ahaztu gure pribilegio zuriez eta greba egin ezingo dutenez.
Artikulu hau idazten ari naizela ikusi dut EAJren kartel bat, beren zaintza eredua «sendoa, eraldatzailea, feminista eta komunitarioa» dela aipatzen duela. Horiek berak dira erresidentzietako zerbitzuak pribatizatzen ari direnak, osasungintza pribatua diruz puzten ari direnak, Tolosaldean ospitale publiko bat eraikitzeari uko egiten ari direnak… Zuriketa morea eta hainbat erakundek Euskal Herriko mugimendu feministaren diskurtsoa erosi nahi izana ere salatuko dugu azaroaren 30ean.
«Jakina, gizon, zuri ere egin dizugu kalera ateratzeko deia, zaintza ez delako emakumeoi dagokigun zerbait. Ezinbestekoa da zaintza lanak partekatzea, eta zuek ere zaintza lanen gaineko erantzukizuna hartzea»
Jakina, gizon, zuri ere egin dizugu kalera ateratzeko deia, zaintza ez delako emakumeoi dagokigun zerbait. Ezinbestekoa da zaintza lanak partekatzea, eta zuek ere zaintza lanen gaineko erantzukizuna hartzea.
Bizi guztia lanean aritu ondoren ia pentsiorik gabe gelditu diren emakume horiengatik guztiengatik egingo dut nik greba (besteak beste), eta zuk? Arrazoia zernahi dela ere, kalean ikusiko dugu elkar. Zaintza sistema eraldatzea guztia eraldatzea delako.