Egonkortasunaren izenean

Turistak Titanic-en hondakinak ikustera eramateko Ocean Gate konpainiak erabiltzen duen 'Titan' itsaspekoa. ATARIA

Hauteskunde emaitzak eta udal gobernuak osatzeko akordioak izan dira hizpide azken egunotan. Zenbait udaletan argi gelditu da batzuen botere nahia, eta ikusi beharko da Gipuzkoako Batzar Nagusietako osaketan zer gertatzen den. Azken egunotako gertaerak ikusita, batek baino gehiagok pentsatuko zuen zein negozio, hitzarmen, angula ustel edota Bidegi kasu geldituko zatekeen begi bistan boterera erdietsi ezean.

Aitortu behar dut luze xamarra egin zaidala hauteskunde kanpaina; nire lana dela-eta, hauteskunde kanpaina jarraitzea egokitu zait, eta tartean izan dira egunerokoan herritarren bizitzei eragiten dieten kontuak: etxebizitza, zaintza, ekonomia, enplegua... Dena den, bada oraindik ETAz hitz egiten duenik, eta horren kontura botoak irabazten dituenik ere. Betiko leloaren betiko leloa.

Faltan bota dut, ordea, nekazaritzaz eta lehen sektoreaz hitz egitea, eta galdetzen diot neure buruari inguruko ekoizle guztiak desagertutakoan pentsatuko ote dugun zer jango dugun. Husten ari zaizkigu herri txikiak, hormigoiz betetzen landa eremua, lurra eta lehengaiak merkantzia bihurtzen. Instituzioek lasaitasun mezua luzatu nahi digute, eta horretarako ere aurkitu dute errezeta magikoa: laborategietan sortutako janaria ez da faltako supermerkatuetan. Fikzioak errealitatea gainditu du kasu honetan ere, baina jakina da lurretik sortu ezean, ez dugula elikagai osasuntsurik izango, ez eta agintariek hainbeste aldiz aipatzen diguten klima larrialdiari aurre egingo ere.

Burutazio horietan nenbilela irakurri dut berria: hiru turista milioidun eta Frantziako militar ohi bat bilatzen ari dira Titanic-en ontziaren hondakinak ikustera joan direnean desagertu direlako. Amaitzen ari omen zaie oxigenoa, eta beren bizitza arriskuan dago. Albistegi guztietako portadak bete dituzte, eta momentu horretan gogoratu naiz pasa den astean Greziako uretan bizitza galdu zuten 500 migratzaileez (eta pertsona, batzuetan ahazten zaigun arren). Kapitalismoa horixe baita, batzuen espektakuluaren, lotsagabekeriaren eta injustiziaren tronua.

 

«Kapitalismoa horixe baita, batzuen espektakuluaren, lotsagabekeriaren eta injustiziaren tronua»

 

Pasa den astean entzun nuen migratzaileek jasaten dutena ez dela muga fisikoa bakarrik, eta muga hori gorpuzten dutela egunero migratzaileek. Muga hori bera gorpuztu dute aste honetan Bilboko udaltzaingoek materiala kendu nahi izan dieten migratzaileek. Eta batzuek jarraituko dute diskurtso horiek zuritzen ari direnekin akordioak egiten. Estabilitatearen izenean. Status quo-aren, boterearen eta pribatizazioen egonkortasunaren izenean, alegia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!