Hori izan zen eztabaida gaietako bat, esaterako, 2019ko Euskal Herriko jardunaldi feministetan, eta azken hilabeteetan heldu zaizkigu antolakuntzarako jende faltagatik ultimatuma eman duten jai edo jaialdien albisteak: Baztandarren Biltzarra edota Arizkun Rock jaialdia, esaterako.
Horren kausak asko izan daitezke: egoera sozial eta ekonomiko zaila, pandemiak utzitako ajea eta nekea, sistema kapitalistak kondenatzen gaituen bizitzaren erritmoa, kontsumismo basatia, etab. Euskal Herriko gatazka politikoa medio, asko izan dira militantziaren ondorioz espetxea, sasia edota heriotza bera ere jasan behar izan dutenak, eta soziologoa ez banaiz ere, nago azken hamarkadatako egoera politikoaren aldaketak ere eragina izan duela.
Horren guztiaren eragina ukaezina den arren, azkenaldian neure buruari galdetu izan diot gizartean azkenaldian hedatu zen autozaintzarako joerak eraginik izan ote duen horretan. Gaur egun, gero eta zailagoa zaigu sistemak inposatzen digun indibidualismotik ihes egitea, eta batzuetan pentsatzen dut ez ote duen autozaintzak berak indibidualismo hori elikatzen, ez ote den hori indibidualismoari jaten emateko neoliberalismoaren osagaietako bat. Jakina da ezinbestekoa dela autozaintza: geure burua eta gure gorputza entzutea, gure erritmoak errespetatzea, ezetz esan behar denean ezetz esatea, guretzako denbora hartzea, etab. Ezinbestekoa baita geure buruekin ondo egotea, besteekin zein gure borroka eremuetan, besteak beste, indarrez eta gogotsu egoteko.
«Gaur egun, gero eta zailagoa zaigu sistemak inposatzen digun indibidualismotik ihes egitea, eta batzuetan pentsatzen dut ez ote duen autozaintzak berak indibidualismo hori elikatzen [...]»
Kezkatzen nauena da, ordea, autozaintzaren industria hori zenbateraino ari ote den neoliberalismoa erabiltzen herritarrok desmobilizatzeko. Lagun batek aipatu zidan gisan, industria horrek sortu dituen teknika horiek erabili baino, ez ote genituzkeen gure ezinen, nahien eta desioen erroak ulertu, eta horiei kolektiboki aurre egin beharko.
Badakigu kolektiboki lan egitea ez dela beti erraza izaten, eztabaidak eta frustrazioak dakartzalako, eta, hain zuzen, militantzia bizigarriak sortzeko ezinak ere badakarrelako autozaintzarako hautua hartzea. Hori izan daiteke gakoetako bat: kolektiboetan parte hartzeko modu eta eredu berriak sortzea, (auto)zaintzarekin orekatuagoa izango litzatekeena. Bakarrik ezin delako, baina lagunekin bai.