Trantsizio energetikoaren izenean saltzen dizkigute batzuk, eta aurrerabidearen izenean beste batzuk. Sistema kapitalista honetan gero eta preziatua zaigun denboraren aurrezpenaz hitz egiten digute horietako batzuk justifikatzeko, eta baita merkantziak errepideetatik ateratzeaz ere. Behin batek esan zidan oso ondo etorriko zitzaiola bere semeari AHTa, lan aukera gehiago zegoelako Madrilen, eta joan-etorriak azkarrago egingo lituzkeelako tren horren bidez. Esan horiek iltzatuta gelditu zitzaizkidan buruan, sistema kapitalistaren balioak barru-barruraino sartzen ari zaizkigun seinale. Hobe Madrilera joateko AHTa eraikitzen dirutza xahutzea, diru hori Euskal Herrian enplegu duina sortzen inbertitzea baino. Sistema kapitalistaren makineriak inposatutako markoa.
Marko hori bera darabil turismoak ere: Tourra, Itzulia, Eurocup-a... Ez naiz oso kirol zalea, baina nik neuk ere ezagutzen ditut Euskal Herriko lurraldeetan antolatu izan diren hamaika kirol ekitaldi. Guztietan saldu izan digute zein aberastasun ekarriko diguten gure hirietara. Zer ezkutatzen du zifra horrek, ordea? Zein eskutan geldituko da aberastasuna? Eta noren kontura egindako diru etekina da?
«Esan horiek iltzatuta gelditu zitzaizkidan buruan [...] Hobe Madrilera joateko AHTa eraikitzen dirutza xahutzea, diru hori Euskal Herrian enplegu duina sortzen inbertitzea baino»
Bitartean, eskaera sozialak egiten ditugunean usu entzun behar izaten dugu agintarien aldetik honako mezu hau: «Ez dago dirurik». Ez dago dirurik hezkuntzan inbertitzeko, ezta Tolosaldean ospitale publikoa egiteko, eta ezta erizain eta medikuak kontratatzeko ere. Etxez etxeko langileei lan hitzarmen duin bat eskaintzeko. Edota garbitzaileei. Ezta adinekoen egoitzetako langileei.
Inauteriak amaitu dira, eta gutako askok egutegian gorriz markatuta daukagu dagoeneko martxoaren 8a. Agintariei gu guztion dirua behar den lekuan inberti dezatela oihukatuko diegu beste behin. Guztiok bizitza duina izan dezagun ezinbestekoa delako dena iraultzea. Edo, beste modu batera esanda, aurrerabidearen paradoxa agerian uztea.