Aste honetan Lorea Agirre izan dugu herrian feminismoaz eta euskalduntasunaz hizketan, eta biak nola elkarlotzen diren azaldu digu. Feminismoan askotan aipatu izan da berdintasun faltsuaren ideia hedatu dela jendartean, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna (horrela deitzen diote hainbat instituziok zein herritarrek) erdietsita edukiko bagenu legez. Susmoa daukat antzera gertatzen dela euskalduntasunarekin: duela 60 urteko testuinguru errepresibo lazgarri horrekin alderatuta egoera hobea denik ezin uka, baina argi dago sareak zulo ugari dituela eta arrainek ihes egiteko arriskua dagoela.
Ez dago dudarik aurrerapausorik eman ez denik, baina egunero jasotzen ditugu alarma gorriak pizteko datuak: euskararen ezagutzaren beherakadan etena gertatu da, baina erabilerak etenik gabe jarraitzen du beherantz. Argi dago ez dela nahikoa hizkuntzaren transmisioarekin (eta hor ere herren gaude), eta hizkuntzarekin batera transmititu behar dela bere inguruko ekosistema guztia: kultur ekosistema, aisialdiarena, ikus-entzunezkoena... Izan ere, Iratxe Retolazak aipatu bezala, «kultur paisaiek eta kultur bizitzek egunero zeharkatzen gaituzte, eta eragina dute hiztun komunitatearekiko geure atxikimenduan (edo atxikimendu ezan)». Euskalgintzan ari garenok, baina, askotan frustrazioz bizi dugu gure egitekoa eta lana: nola egin diezaiekegu aurre hain zokoratuta nahi gaituen sistemari eta munstro horri -sistemari- etengabe jaten ematen diotenei? Kontrakarrean ibiltzea ez da beti erraza izaten.
«Duela 60 urteko testuinguru errepresibo lazgarri horrekin alderatuta egoera hobea denik ezin uka, baina argi dago sareak zulo ugari dituela eta arrainek ihes egiteko arriskua dagoela»
Euskaraldiak, beste behin, norbanakoen jarreretan jarri du fokua (eta hori ere egin behar da), baina Baionako finalaurrekoan Nerea Ibarzabalek hain distiratsu kantatu zuen legez, euskarak baliabide materialak behar ditu aurrera egiteko. Prestigioa irabazteko. Erabilera espazioak sortzeko eta handitzeko. Erreferenteak izateko. Euskaldunok nor izateko. Ez baitugu euskara altxorra izatea nahi, eskubidedun hizkuntza izatea baizik, bere buruaren jabe; euskaldunok horrela bilakatuko garelako gure hizkuntza-eskubideen jabe. Bestela, Irulegiko Eskua Nafarroako Gobernuaren bulegoren batean gelditu den moduan geldituko zaigu euskara. Altxor baten pare, bitrina baten barruan, baina geldirik eta isilik, eta denok dakigu erabiltzen ez den hizkuntzarekin zer gertatzen den.