Gizonezkoen pasarelak

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkola Agirrezabala 2022ko urriaren 15a

Udazkenaren etorreraren adierazle izaten da hego haizea. Ez hego haizea bakarrik, baita gure mendi bideetako harriak, enbor zati txikiak, eta lokatza bera ere ezkutatuz barreiatzen den orbela ere. Eta, jakina, baita oilarraren iratzargailu rola betetzen duten ehiztarien tiro hotsak ere.

Hain zuzen, hego haize beroaren konpainian abiatu nintzen pasa den astean mendian gora, hankak martxan jarri eta aspaldiko partez naturaz gozatzeko asmotan. Gaur egun, gero eta gehiago dira kaskoak belarrietan sartu, eta mendira Spotify-ko musika entzunez igotzen direnak. Ni ez naiz hainbeste modernizatu oraindik, eta naturak oparitzen dizkidan soinuak entzunez ibiltzen naiz mendian. Horregatik, abiatu bezain pronto konturatu nintzen hasi dela dagoeneko aurtengo ehiza denboraldia, eta ez nuela, akaso, mendira joaten naizenean nahi izaten dudan bakardadeaz nahi beste gozatuko.

Mendiko paseoek beti ematen dute hausnarketarako tartea, eta orduko hartan gogoratu nintzen duela urtebete, iazko ehiza denboraldian, hain zuzen, pasa zitzaidan anekdotaz: mendi muino batera hurbiltzen ari nintzela ikusi nituen pistaren alde banatako ehiza postuak gizonezkoez beteta, eskopetak eskutan, beren hurrengo biktimaren zain. Ez naiz moda zalea izan inoiz, baina pasarela bateko modelo sentitu nintzen une batez.

Momentu horretan pentsatzen jarri nintzen emakumeok gizonezkoez soilik osatutako zenbat pasarela igarotzen ote ditugun (eta zenbat saihesten ditugun). Esaterako, burura etorri zitzaizkidan larunbat gauetako taberna ilunetan komunera bidean topatzen ditugun pasarelak, edota kalean ikusten eta sentitzen ditugunak, errepide bazterrean korrika goazenean... Ezein espazio publikotan. Oraindik, nagusiki, gizonezkoek betetzen baitute espazio publikoa.

Pasarela horietan ez gara zuzenean erasotuak izaten etengabe, baina emakumeok uneoro sentitzen ditugu begiradak gugana zuzenduta, moda pasarela batean egongo bagina lez. Eta pentsatzen jarri naiz zenbat aldiz hartu ditudan neurriak erasotua ez izateko. Begirada zenbat aldiz jaitsi ote dudan komunera bidean deseroso ez sentitzeko, edota kalean zenbat aldiz begiratu ote dudan beste aldera iruzkin lizun bat ez jasotzeko. Autodefentsa feminista klase batean aipatu bezala, emakumeok, inkontzienteki edo kontzienteki, aldez aurretiko neurriak hartzen baititugu erasotuak ez izateko. Geure buruetan etengabe baitabil alerta hitza. Sexualizazioa. Epaia. P-a-t-r-i- a-r-k-a-t-u-a.

 

«Ea hurrengoan burua makurtu beharrean, begirada igotzeko moduan naizen. Edo, are gehiago, ea gizonezkoen pasarelak guztion pasarela bihurtzen ditugun»



Ea hurrengoan burua makurtu beharrean, begirada igotzeko moduan naizen. Edo, are gehiago, ea gizonezkoen pasarelak guztion pasarela bihurtzen ditugun.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!