Hain zuzen, iritzi artikulu hau idazteko garaia baliatu dut nik ere neure balorazio propioa egiteko. Atzera begiratu, eta hilabete hauetan gertatutakoari erreparatzeko. Ondo egindakoak, gaizki egindakoak, aldatzekoak zein hobetzekoak zerrendatzeko. Geure buruari begiratzea garrantzitsua baita etorkizunera begira jartzeko. Ikasturte honetan, gainera, begi bistakoa izan da zerbait amaitzearen eta berriz hastearen irudipena. Bizitzaz hitz egin baitugu pandemia baino lehenagokori edo ondorengori erreferentzia eginez, eta koronabirusa bihurtu da kristo aurreko eta ondorengo aldaera gaurkotua.
«Udako hilabeteak erabiltzen ditugu gelditu eta berriz hasteko, urte hasieran legez, lehen sei hilabete hauetako balorazioa egin, eta datozen hilabeteetarako erronkak jartzeko»
Ikasturte amaiera izaten da hartutako erabakiak baloratzeko garaia ere. Askotan iruditzen baitzaigu erabaki bat hartzea zerbaiten akabera dela. Denbora asko pasatzen dugu horiei buruz hausnartzen. Alde onak eta txarrak zerrendatzen. Horrek kenduko digunaz eta emango digunaz pentsatzen. Bizitza, baina, hori da: etengabe erabakiak hartzea. Gertuko pertsona batek erakutsi zidan horien garrantzia erlatibizatzen: jakiteak bakoitzak dituela bere alde on eta txarrak.
Iaz garai honetan aritu nintzen pasa berri dugun ikasturteari buruz pentsatzen. Ikasketei heldu edo ez erabakitzen. Aurrera egitea erabaki nuen azkenean, eta zorionekoa ni egin dudan bideaz. Bertan topatutako lagunak baitira hilabete hauek edertu dizkidatenak. Elkarrekin ikasteaz gain, elkar babestu, elkar zaindu, elkar entzun eta elkar aberastu dugulako. Izan ere, irakurri nuen behin elikagai fisiko eta emozionalak behar ditugula; fisikoa bizirik mantentzeko (karbohidratoak, grasak, proteinak...) eta emozionala, aldiz, beste energia bat lortzeko. Izan daiteke mendi buelta bat, kontzertu bat edo kafe edo garagardo baten bueltan izandako elkarrizketa amaigabe bat.
Asko hitz egiten da harremanak zaintzeaz, baina lagun batek kezkaz aitortu zidan behin ez zuela denborarik bere lagunekin nahi adina denbora pasatzeko, hori ere kendu digulako bizi garen sistemak, eta sartu gaituelako lanaren, ikasketen edo bestelako erantzukizunen zirkuluan. Izan ere, askok ikasturteka ikusten dute bizitza, baina gehienok ez. Eta horrela, gelditzeko aukerarik ere ez dugu izaten askotan. Horrelakoa da bizitzaren zirkulu (geldiezin)a.