Telebistako albistegietan zein sektoreri buruzko albisteak agertzen diren galderari erantzunez ekarri zuen mahai gainera auzi hori, begi bistakoa baita euskal herritarrok -eta ezta beste inork ere- ezin dugula soilik txakolinaz eta sagardoaz elikatu. Ezin uka daiteke horrek beste interes batzuei erantzuten diela, baina hori beste baterako utziko dugu.
«'Zertaz elikatuko gara? Txakolinaz eta sagardoaz?'. Lurtaro ekimenak burujabetzaz eta agroekologiaz hausnartzeko mahai-inguruan esan zituen hitzok Mikel Kormentzanak»
Ordubeteko solasaldian titular asko utzi zituzten Alfredo Alonso, Gotzone Sestorain, Aitor Aranburu eta Mikel Kormentzana ekoizleek, Eider Olazar Elduainen galderen hariari jarraituz. Gonbidatu guztiek argi eta garbi utzi zuten egoera dramatikoa dela: etxaldeak husten ari dira, eta ekoizpena gero eta esku gutxiagoren esku dago irabaziak, beraz, gero eta esku gutxiagoren menpe, eta beraz, baita boterea ere-. Horrek berekin dakar belaunaldi berriek baserrian gelditu nahi ez izatea, edota bertan ekoizten den guztia beste herrialdeetara esportatzea. Horren ondorioz, prezioen espekulazioa gertatzen da, elikagaiek oinarrizko behar izateari utzi, eta negoziorako merkantzia huts bihurtzea, alegia.
Horrez gain, nekazariek mito askori egin behar izaten diete aurre (prezio garestiak, esaterako), eta tentuz hartu behar dira herritarren artean zabaltzen ari diren diskurtsoak (elikadura osasuntsua = elikadura ekologikoa), esaterako. Izan ere, merkatua beti izan da abila iritzi publikora egokitzen; zentzu horretan, Alonsok azpimarratu zuen saltoki handiek bertako produktuak saltzen dituztela dioten arren, ez direla ekologikoak, hidroponikoak baizik. Ekologiko etiketak ez baitu bermatzen bertakoa eta garaikoa izatea. Aranburuk azpimarratu bezala, ezinbestekoa da gauza bakoitzari bere izenez deitzea.
Ordea, ez zen dena beltza izan, eta mahai gainean jarri zituzten egoerari buelta emateko zantzuak ere: herritarren kontzientzia, Euskal Herri luze-zabalean elikadura burujabetzaren inguruan sortzen ari diren hamaika egitasmo, edota ekoizle askok eta askok eredu agroekologikoranzko pausoak ematea. Sestorainen hitzak ekarriz, ukaezina da elikadura industria erraldoiak elikagaiak salerosteko sareak deuseztatu dituztela, eta orain sare horiek berriz ere eraikitzeko garaia da; horretara dator Lurtaro ekimena. Bejondeizuela!