Justiziaren adierak

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkola Agirrezabala 2021ko urt. 22a, 18:59

Eguna amaitzerako, Twitter-ean gora eta behera hasi naiz, egin ezean zerbait garrantzitsua galduko ote nuen sentsazioa gainetik kendu nahian. Eta gauzak zer diren; horretan ari nintzela ikusi ditut hiru albiste, bata besteren ondoan, berez, inolako harremanik eta zerikusirik izango ez zutelakoan.

Donostiako Alde Zaharrean, asteburuan izandako Ertzaintzaren kargek asaldatu naute lehenengo, eta horren atzetik etorri da Athletic-ek Bartzelonaren aurka lortutako garaipena. Euskal taldearen garaipenarekin batera, askok eta askok Iñigo Cabacas, Ertzaintzak hil zuen gazte bilbotarra izan dute gogoan, garaipena bera ere, berari eskainiz.

Gertaera latz hori gogoratzen ari nintzela, Ertzaintzaren errepresioa eta bere inpunitateaz gogoetatzen, irakurri dut hirugarren berria: absolbitu egin dituzte Iñigo Cabacas auzian epaitutako bost agente, tiroa egin zuen agentea nor izan zen baieztatu ezin zela argudiatuta. Albisteak haserrarazi egin nau noski, eta Fina Lizarazu eta Manu Cabacas Iñigo Cabacasen gurasoak izan ditut gogoan, beren barruko mina baretzeko bide bakarra izango zelako ziurrenik justizia egitea.

Justizia edo justizia falta, hobe esanda eta errepresioa eskutik lotuta ikusi ditugu hainbatetan, eta, hain zuzen, gogoratu naiz Donostiako Alde Zaharreko Trinitate plazan egoteak eta Athletic-en garaipena ospatzera Bilbo erdira ateratzeak ez dituztela modu berean hausten, nonbait, agintariek hainbatetan errepikatzen dizkiguten «segurtasun neurriak», eta ondorioz, horrek dituen ondorio errepresiboak.

Eta burutapen horietan nenbilela gogoratu naiz Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarren kasuaz. Beren aurkako muntaia polizial baten ondorioz, deklaratzera deitu dituzte aste honetan Espainiako Auzitegi Nazionalera. Euskaldunok hain ongi ezagutzen dugun tribunal horretara. Doakiela nire elkartasun, maitasun eta indar handiena.

Lumumbak berak esana omen da duintasunik gabe ez dagoela askatasunik, justiziarik gabe ez dagoela duintasunik, eta independentziarik gabe ez dela pertsona askerik

Argia astekariak gogorarazi zigun, urtarrilaren 17an 60 urte bete zirela Patrice Lumumba Kongo Errepublika Demokratikoko presidentea hil zutela. AEBek eta Belgikak babestutako estatu kolpean hil zuten, hain zuzen, bi herrialde horien proiektu inperialista eta arrazistaren aurka borrokatzeagatik. Lumumbak berak esana omen da duintasunik gabe ez dagoela askatasunik, justiziarik gabe ez dagoela duintasunik, eta independentziarik gabe ez dela pertsona askerik.

COVID-19aren garaian ere ez diezagutela duintasun, justizia eta askatasun grina kendu. Iñigo Cabacas, Aitor Zelaia, Galder Barbado, Donostiako Alde Zaharreko eta zerrendara gehi genitzakeen milaka gazteengatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!