Emozioen gatibu

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkola Agirrezabala 2020ko aza. 13a, 19:58

"Interpreta ezazu pertsonaia amorratuta egongo balitz bezala! Eta orain triste! Edota nola interpretatuko zenuke etsita balego?". Antzerki obra txiki bat prestatzen ari ginela konturatu nintzen zein gutxi dakigun emozioez; zein gutxi ezagutzen ditugun, eta zein zaila egiten zaigun bakoitza identifikatzea. Txiki-txikitatik moztu dizkigute gure emozioak zein horiek sortzen dituzten sentimenduak identifikatu eta horiek kudeatzeko tresnak.

Gizakiok emozioak ditugu; lotsatuta, beldurtuta edo amorrarazita sentitzen gara. Errudun, triste edo alai. Eta Anarik dioen bezala, sistemak prest ditu gure ondoezei aurre egiteko tresnak. Horretarako sortu baititu tristuraren industriak ansiliotiko eta kantuak, makrobiotika eta liburuak, konstelazioak, terapia, sare sozialak edota farmazia... Sistemak berak nahiago baitu gure hutsune edo beharrak tapatzeko tresnak eskura jartzea, hutsune horiek betiko desagerraraztea baino. Hori da negoziorako bidea.

Berriki, Nerea Ibarzabalek Berriako artikulu batean idatzi du aisialdiak edota alkoholak balio omen dutela lanerako bizi garela estaltzeko; eta ez zaio arrazoirik falta. Eta nik horri gehituko nioke lanerako bizi izate horrek ez digula uzten dagoeneko ingurukoa zaintzen ere, ez entzuten. Are, hori baino egite garrantzitsuagoak ditugu produktibitatea oinarri duen sistema honetan. Beharbada erratuta nago, eta poztuko nintzateke horrela ez balitz, baina nago zuek ere zailtasunak izango zenituztela noizbait lagunen batekin hainbeste desio duzuen kafe hori hartzeko tartetxoa ere hartzeko.

Antzerki obra txiki bat prestatzen ari ginela konturatu nintzen zein gutxi dakigun emozioez; zein gutxi ezagutzen ditugun, eta zein zaila egiten zaigun bakoitza identifikatzea

Eta behin kafea hartzeko geldituta, zer? Errepara iezaiozue zeuen buruari: zuetako guztiok kontatu diozue lagunari buruan bueltaka dabilkizuen arazo hori? Eman diozue zeuen buruari zuen arazoei buruz hitz egiteko legitimitatea? Zenbatek jotzen duzue huskeriatzat zuen barnean sentitzen duzuen hori? Zenbatetan gelditu zarete isilik barruko korapiloa hazten eta hazten ari zen bitartean?

Iritzi artikuluaren amaiera aldera iritsi bazara ere, jakin ezazu oraindik ere galdetzen diodala neure buruari ea hau nahikoa gai transzendentala ote den iritzi artikulu bat idazteko; ez ote den gai feminizatuegia, emakumeei loturikoa, ez unibertsala. Oraindik ere uste zabaldua baita emozioak azaltzea ahultasunaren sinonimo direla, eta beraz, emakumeen kontu.

Baina bidelagun feministek erakutsi didaten gisan, pertsonala politikoa da, eta gure emozio indibidualek ere argi dago aterabide kolektiboak behar dituztela. Zuekin errazagoa eta goxoagoa da bidea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!