«Uste dut ez garela kontziente zein altxor daukagun»

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkola Agirrezabala 2018ko aza. 18a, 13:23

Oihana Iguaranek (1991, Amasa-Villabona) bertsogintzan jarduten du eta hainbat arlotarako erabiltzen du Xenpelar Dokumentazio Zentroko (XDZ) dokumentazioa: bertsolaria eta bertso-eskolako irakaslea da, eta gaur egun, ikertzen dihardu. Bertsogintzaz harago, ahozkotasun osoa lantzen duen egitasmotzat dauka, eta bada berari buruz hitz egitean etengabe errepikatzen duen hitz bat: «Altxorra».

Zer da XDZ zuretzat?

Altxor bat da; batetik, oso ondare handia biltzen duelako eta biltzen jarraitzen duelako, eta bestetik, antolatuta dagoen moduagatik, oso tresna garrantzitsua delako ikerketarako, eta bertsoak hainbeste urtetan eragin duen ondare hori eskuragarri izateko. Bertsolariarentzat ez ezik, euskalgintzatik, kulturgintzatik, antropologiatik edo edozein interes izan dezakeen ikerketa sailetik sekulako altxorra da.

Zein baliabide eskaintzen dizkizu XDZk?

Bertsolari bezala, bertsolaritzaren inguruan sortu den literatura ia guztia eta bertsoaldiak eskuratzeko aukera ematen dit. Bertso eskolako irakasle moduan, sarean zintzilik dauzkaten edukiak erabiltzen ditut doinuak bilatzeko, doinuen izenak jakiteko, doinu ezberdinak lantzeko eta bertso sortak ateratzeko. Bestetik, sekulako prestutasuna izaten dute beti bisitak egiteko, artxiboa nola dagoen erakusteko. Ateak zabalik izaten dituzte beti eta erabilgarri jartzen digute hor jasota dagoen material guztia. Bertsozale Elkarteko transmisio sailetik ere lan handia egiten ari dira bertso-eskolentzat bereziki sortutako materiala zein orokorra eskaintzeko.

Asko estimatzen da zer nolako zorroztasunarekin eta zehaztasunarekin artxibatzen dituzten dokumentu guztiak, zein ondo antolatuta dauzkaten eta zein eskuragarri daukaten jarrita guztia. Beraiek ere sekulako gogoa daukate horri guztiari erabilera emateko; adibidez, ni neu askoz ere urrutiago ailegatzen ari naiz nire ikerketan beraiei esker. Erraztasun guztiak jartzen dizkidate ikertzeko eta hori ikaragarrizko zortea da. Gozamena da beraiekin lan egitea.

Ikertzailea zara; zein garrantzia ematen diozu XDZri ikerkuntza lan horiek egin ahal izateko?

Ikerlari moduan, oso garrantzitsua da oso lagin handia dutelako; saio ugari biltzen dituzte, eta garai bateko saio asko ere eskuragarri jartzen eta digitalizatzen ari dira. Horrek sekulako aukera ematen du urtetan atzera egin, eta gaur arte sortutakoaren bueltan oso ikerketa fidagarriak egiteko eta edozein esparrutik lan egiteko. Ikerketa horiek egitea oso garrantzitsua da ondarea interpretatzeko eta ulertzeko, eta horrek laguntzen digu bertsogintza gaur egunera egokitzen eta prestatzen. Etorkizunera begira sekulako eskola daukagu hor eta balio erraldoia dauka.

Eta etorkizunari begira zein garrantzia dauka?

Altxor handia da, ez bertsozaletasunaren ikuspegitik bakarrik, baita Euskal Herri osoko kulturgintzatik, euskalgintzatik eta nazioarteari begira ere. Mintzolatik sekulako lana egiten ari dira XDZk ahozkotasun osoa har dezan; ez dio bertsoari bakarrik begiratzen, baizik eta ahozkotasun osoari. Eduki ugari sortzen ari dira nazioarteko maila akademikoan eta artistikoan, eta Euskal Herrian gure ondare handienetakoa jasotzen du. Ondare horri esker uler dezakegu zer gertatu den, nola gertatu den eta jendartearen inguruko informazio ugari ematen digu horrek. Etorkizunari begira aztarna asko ematen dizkigu, jakinda oraindik ere sortzen den guztia biltzen ari direla. Uste dut ez garela kontziente zein altxor daukagun; herritar askok urruti ikusten dute, baina nik animatzen ditut gerturatzera. Harrituta geldituko lirateke bertan dagoen material guztiarekin eta horri eman diezaioketen erabilerarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!