Ez dute berehala ahaztuko aurtengo udan bizitakoa. Atenasen lau egun igaro ondoren, Katsikaseko errefuxiatuen kanpamenturako bidea hartu zuten ekainaren amaieran Oihana Barrenetxeak eta Egoitz Garmendiak. Ez zekiten zer topatu, ikusi eta sentituko zuten, baina asmo argia zuten: bertan zeuden errefuxiatuei laguntzea: «Greziara joateko ideia genuen, eta gaurkotasuneko arazoa zenez, laguntzera joatea pentsatu genuen», adierazi du Garmendiak.
Pentsatu eta egin. Donostiako Zaporeak elkartearekin jarri ziren harremanetan: «Gainezka zeuden, ordea. Uda izanik, jendea errazago joan daiteke kanpora eta jendez lepo zegoen elkartea. Hori horrela, Madrileko Olvidados elkartearen kontaktua eman ziguten, eta beraiekin joan ginen. Elkarte hori ere gainezka zegoen kanpamentu horretan. Jende ugari zegoen, eta zaila zen denak koordinatzea. Azkenean, boluntario independente bezala jardun dugu».
Albaniako mugan dago Katsikaseko kanpamentua. 2.000 biztanle inguru ditu Katsikasek eta herritik 2-3 kilometrora dago errefuxiatuen kanpamentua. Greziako militarren kontrolpean dago eta 600 errefuxiatu inguru daude bertan: musulmanak, kurduak, irakiarrak, afganistandarrak, kristau familia bat eta yasidiak Siriako etnia bat, musulmanak baino aurreragokoa, besteak beste. Herrialde ugaritako jendea dago, eta herrialde bakoitzeko herritarrak eremuka banatuta daude kanpamentuaren barruan. «Kultura ugari daude kanpamentuetan. Dena den, ez dute arazorik, eta beren arteko elkarbizitza ona da orokorrean».
Errefuxiatuen klase sozialen aldea nabarmena da, bi protagonisten iritziz: «Denda batzuen kanpoan lorategiak ikus zitezkeen; beste batzuek, ordea, beren denda zeukaten justu-justu». Gehienek, ordea, maila ekonomiko handia dute: errefuxiatu askok eta askok bizi maila altua zuten beren herrialdean. Jende ezaguna dago: unibertsitateko irakasleak, arkitektoak. «Dirurik ez dutenak beren herrialdean geratu dira. Orduan konturatzen zara edonori gerta dakiokeela. Han ondo bizi ziren, eta orain ez daukate ezer».
Egunerokotasuna, errefuxiatuei laguntzen
Barrenetxearen eta Garmendiaren egunerokotasuna antzekoa izan da kanpamentuan egon diren bi asteetan. Gobernuz Kanpoko Erakunde guztietako boluntarioak biltzen ziren goizean eta bilera egiten zuten eguneko lanak banatzeko. Lan ugari zegoen: «Batzuk biltegian aritzen ziren ailegatzen zen materiala, jana, arropa sailkatzen. Beste batzuk, materialak banatzen aritzen ziren: janaria, pixoihalak, eskuoihalak, zakar poltsak».
Denda ere bazegoen kanpamentuan, eta ailegatzen zen arropa guztia ordenatzen aritu ziren batez ere bi protagonistak. Goizean goiz, arduradun bat joaten zen haima bakoitzera, eta familia bakoitzari banatzen zieten egun bakoitzean zer hartu zezaketen zehazten zuen txartel bat: «Asko zaintzen zuten dendaren funtzionamendua. Kanpamentuetan klase sozial nahiko altuko jendea zegoen, eta beraientzako nahikoa gogorra izan zen beren herrialdetik alde egin behar izatea. Ez genuen nahi beraiek txiro sentitzea, eta familia bakoitzari aukera ematen genion dendan arropa probatzeko, arropa lasai ikusteko». Mantentzeko hobekuntzak ere egin behar izaten ziren (elektrizitatea, ura...), eta errefuxiatuek ere laguntzen zuten lan horietan.
«Lan tekniko asko zegoen, baina faltan botatzen nituen kanpamentua erakargarriago egiten duten proiektuak, errefuxiatuak gusturago sentitzeko ekintzak egitea», adierazi du Garmendiak. Horren zergatia azaldu du anoetarrak: «Hara joaten direnak bi edo hiru asteetarako joaten dira gehienez ere, epe motzerako. Hori dela eta, jendeari ez dio denborarik ematen epe luzerako proiektuak sortzeko. Esate baterako, kanpamentua sortu zenetik han zeuden bi neska ezagutu genituen, eta horiek hainbat proiektu sortzeko ideiak zituzten».
Errefuxiatuen egunerokotasunaz galdetuta, argia izan da erantzuna: «Egon». Haurrek entretenimendurako aukera gehiago zituzten: eskola, haurtzaindegi zerbitzua eta zinema zituzten, besteak beste. Helduentzat gimnasioa zegoen: goizez emakumeentzat, eta arratsaldean, gizonentzat. Orokorrean, ordea, «ez dute ezer egiteko; gazteak asko zapuzten zituen horrek, ikusten zutelako ikasteko eta formakuntzarako erabil zitzaketen urteak alperrik galtzen ari zirela».
Nolanahi ere, Barrenetxeak errefuxiatuen formakuntza politikoa azpimarratu du: «Telefono mugikorra hartu eta artikuluak irakurtzen aritzen dira. Asko dakite, eta arratsalde osoa igaro dezakezu beraiei entzuten. Oso eskuzabalak dira, eta beren dendetara gonbidatzen gintuzten. Beren historiak eta bizipenak azaltzeko beharra dute: oso modu gordinean kontatzen dute dena, eta guk ezin genuen imajinatu ere egin zer zen hori sentitzea. Beraientzat oso gauza ohikoa zen kontatzen ari zirena, denek galdu zuten familiako norbait, baina guk ezin genuen beren lekuan jarri, gogorregia zen».
Etorkizun hobea, helburu
Beren herrialdeko egoera «jasanezina» delako hartu dute azken urteetan Europarako bidea milaka eta milaka errefuxiatuk. «Ezin dute beren jaioterrietan bizi; egoera jasanezina da». Siriako egoera izan dute hizpide. Bashar al Assad Siriako presidentearen armadak airetik erasotzen dituzte eta estatu Islamikoak lurretik. Denak dira txarrak beraientzat, eta dagoneko ez dira inorrez fio. Siriako herri eta hiri asko erabat suntsituta daude; haur askok ez dute haurtzarorik izan, gerra soilik ezagutu dute, eta horrek eragin latza izan du. «17 urteko errefuxiatu batek kontatu zigun bere familiako 12 kide hil zituztela aldi berean. Gerra horrek eragin psikologiko handia utziko diete belaunaldi horiei», nabarmendu du Garmendiak.
Oso gogorra da Europara ailegatzeko egin beharreko bidea. Siriatik abiatzen direnak, esate baterako, Turkiara igaro daitezke. Turkiara pasaz gero, ordea, sekulako arazoak izaten dituzte, eta, horregatik, Irakera pasatzen dira normalean. «Oso beldurtuta ekiten diote bideari. Estatu Islamikokoak, Siriako Gobernukoak, miliziak... sekulako gatazkak daude herrialde horietan, eta norbaitek harrapatuz gero, ez dakite zer pasako zaien».
Turkiara ailegatuz gero, gehienek trafikante bati dirua ematea erabakitzen dute. Errefuxiatu batek, esaterako, 30.000 euro ordaindu zizkion trafikante bati. «Etxe batera eraman zituzten lehenengo, eta hondartza batera eraman zituzten gauez. 10-15 pertsona sartzen ziren txalupa batean sartu zituzten 50 pertsona inguru. Txalupan sartu eta Greziako kostara ailegatu ziren hurrengo egunean». Greziara ailegatu bezain pronto bideak itxita topatzen dituzte. «Turkiarrak txalupetara gerturatu, eta joka hasten zaizkie», azaldu du tolosarrak. Greziarrak ere hurbiltzen zaizkie, eta beraiek gerturatzen dituzte herrialdean dauden kanpamentuetara. Garmendiaren arabera, 15 kanpamentu inguru daude Grezian: Katsikaseko kanpamentuaz gain, Atenasen, Chiosen eta Lesbosen daude, besteak beste.
Europako herrialdeen erantzuna argia izan zen errefuxiatuak Europara ailegatzen hasi zirenean. Hesia egiten hasi ziren Albania eta Mazedoniako mugan, eta mugak itxi zituzten: Grezian harrapatuta geratu dira errefuxiatuak. Itxaropena galdu dute dagoeneko errefuxiatu askok; ez dute Greziatik ateratzeko aukerarik, eta ez dute beren herrialdeko gatazkaren amaiera gertu ikusten. «Azken finean, Ameriketako Estatu Batuaren eta Errusiaren arteko gerra da. AEBren esku daude herrialde batzuk, eta Errusiaren esku beste batzuk. AEBek herrialde batzuei saltzen dizkiete armak, eta Errusiak beste batzuei. Herrialde bat beste herrialdearen eremuan sartuz gero hasten da gatazka. Herrialde horietako zibilak ari dira ordaintzen beren arteko gerra hotza, eta bi herrialde horien arteko gatazka amaitu ezean, ez da herrialde horietan gerra bukatuko», azaldu du Barrenetxeak. Palestinar errefuxiatu baten egoera kontatu du Garmendiak. «Palestinarren egoera are gogorragoa da. Horietako asko Siriara joan ziren beren herrialdeko gatazkatik ihesi, eta Siriatik ere alde egin behar izan dute».
Kanpamentuetan dauden bitartean dirua gastatzen ari dira etengabe, baina ez dute diru sarrerarik. Horregatik, dirua gastatzen duten heinean, eta muga ilegalki pasatzeko diru minimoa dutenean, herrialdetik ateratzen saiatzen dira horietako asko, «ez dutelako ezer galtzeko». Sekulako kaltea eragiten die horrek ekonomikoki eta psikologikoki. Familia baten historia gogoratu nahi izan dute: «Afganistango Gobernuak harrapatu egin zituen muga pasatzen. Senide batzuk bueltatu egin ziren kanpamentura, baina beste batzuk atxilotu egin zituzten. 200-300 kilometro egin behar izan zituzten oinez kanpamentura bueltatzeko, familiako kide batzuk beste herrialde batean utzita. Atsekabetuta bueltatzen dira, ez dute aterabiderik ikusten».
«Desesperazioak jota», errefuxiatu askok beren herrialdera bueltatzeko hautua egin dute. Errefuxiatu batzuk sei hilabete daramatzate kanpamentu horretan. Libre ibili daitezke Grezian, baina ezin dute herrialdetik atera. Ezin dute lanik egin, ezta ikasi ere. «Nahiago dut nire herrian hil, kanpamentuz kanpamentu pixkanaka hil baino», adierazi zioten errefuxiatu batek boluntarioei.
Ateak itxita
Oraindik ez dago argi zenbat errefuxiatu ailegatu diren Greziara, are gutxiago, bidean zenbat hil diren. Etorkizuna ilun ikusten dute Garmendiak eta Barrenetxeak: «Ez dituzte mugak irekiko, zaildu egin dira Europan legalki sartzeko aukerak, errefuxiatuek diru gehiago ordaindu beharko dute eta arrisku gehiago hartu».
Europak Turkiarekin egin duen hitzarmena ere beldurgarritzat jo du Garmendiak: «Beldurra ematen dit errefuxiatuak Turkiara bidaliko ote dituzten, eta Europako estatuek begiak itxiko ote dituzten».
«Idomeniko kanpamentua ere hutsarazi egin zuten. 6.000 errefuxiatu zeuden bertan: zer gertatu da pertsona horiekin guztiekin?», galdetu du Garmendiak. Ez dute uste egoera hobetuko denik: errefuxiatuak jasaten ari diren blokeoa gainditzeko mekanismoak badaude, administrazioa azkarra izango balitz eta tramiteak azkar egingo balira. «Europak, ordea, ez du horretarako borondaterik», salatu dute. Ez da erraza kanpamentu horretan ikusi eta entzundako guztia asimilatzea. «Oso gordina izan da dena. Ez dut sinetsi nahi gu garela egoera horren erantzule, gu bizi garen estatuak direla errefuxiatuen egoeraren erantzule nagusia. Ahal dugun guztia egin dugu, baina beraiek ez dira gustura egongo beren herrialdera itzultzen diren arte».
«Eskertzen dizuet egin duzuen lan guztia, baina ez dut kanpamentu hori hobetzea nahi, hemendik alde egin nahi dut». Errefuxiatu baten ahotik entzun behar izan zuten esaldi hau. «Bihotza ukitzen duten hitzak dira, barren-barrenetik ateratakoak, atsekabeak eragindakoak».
Ikusteke dago zer gertatuko den errefuxiatuekin, Ekialde Hurbileko gatazkak konpontzeko urratsak emango ote dituzten. Kontuak kontu, herritarren esku dago Europako estatuak estutzea, beren ahotsa izatea, eta gertatzen ari dena salatzea.