Harmailetatik: Ane Artutxa

Erabiltzailearen aurpegia Ane Artutxa 2015eko otsailaren 25a

Hasiberri bat Usabalgo harmailetan

Inauteri ondorengo larunbata tolosan eta euria goitik behera. Baina Usabalgo zaparrada bestelakoa zen. Partida hasteko 10 minutu faltan eta harmailak geroz eta beteago. Entzuna genuen jende asko biltzen zuela TAKEko familiak harmailetan eta horren erakusleiho izan zen Usabal beste behin ere.

Hasiberrien ilusioarekin eta baita ezjakintasunarekin ere gerturatu ginen Usabalera, harmailetan eseri eta lagun batek harmailaren alde hori aurkariaren jarraitzaileena zela esatera iristeraino. Partida hasiera ona izan zen TAKEko taldearentzat, abantaila handia lortuz lehenengo zatian. Minutuak aurrera joan ahala aurkariaren inguruko informazio gehigarria ezagutzen joan ginen. Santurtziko taldea indartsua omen, igotzeko borrokan dabilen taldea. Partidaren hasieran ikusitakoarekin ordea, TAKE indartsuago ikusi nuen, baina noski hasiberrien begiek agian ez dute larunbatero Usabalen taldea laguntzen dabilen zaletuaren begi beretatik ikusten oraindik.

Bagenekien baita ere partidaren azken 10 minutuek ez zutela gainontzeko zatiekin zerikusirik izango eta are gutxiago lehia estutzen zihoala ikusita. Minutu gutxiren faltan 3 behera jarri zen Santurtziko taldea, oker ez banago markagailuak erakutsi zuen alderik txikiena izan zen honakoa.

Estu zegoen lehia eta gure artean ere tentsio betean ginen, partida amaitu arte galdu ez genuen tentsio betean. Amaieran 66-61 TAKEren alde eta Usabal pozik. Gu berriz, errepikatzeko gogoarekin.

Zorionak TAKE, segi bide beretik!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!