sapere aude

Gorde zure tesia hodeian edo DNA kate batean

Erabiltzailearen aurpegia

Aurrekoan, nire tesiaren nondik norakoak azaltzearen zailtasunei buruz aritu nintzaizuen, zailtasun linguistikoak bereziki. 

Hala ere, tesiko lehen urte honetan zailtasun fisikoak ere izan ditut, duela hilabete batzuk nire ordenagailu maiteak aurre-abisurik gabe agur esatea erabaki baitzuen. Eta berarekin batera orain arte egindako lan guztiak ere agur esan zidan… disko gogorrean gordea nuela gogoratu nintzen arte.

Eskerrak! Tesia salbatu da! Baina, kontua ez zen horretan gelditu akaso karma izango zen?, lehengo astean disko gogorra ere galdutzat eman nuen egun pare batez. Ondorioa: tesi amaierara bizirik eta nerbio krisirik gabe iritsi nahi baduzue, gorde zuen datuak kontuz! Eta harrigarriki, informazioa gordetzeko modu berritzaileenak biologiaren alorretik etor daitezke...

Azken urteetan konpainia teknologiko handienek Microsoft, Google, eta konpainia, auziaren mamia duela ikus dezazuen DNAn jarri dute fokua informazioa gordetzeko metodo modura. Izatez, Wikipedia osoa irudiko tubotxo horretan gordetzea lortu da DNA molekula modura. Harrigarria, ezta? Izan ere, DNAk txinpantze edo tomate-landare egiten gaituzten geneak gordetzeko baino dezente gauza gehiagorako balio du. Eta, silizioan oinarritutako teknologiaren aldean bai, zuen ordenagailu eta disko gogorrak ere silizioan oinarritzen dira abantaila ugari ditu. Hala nola, DNA oso konpaktua eta tamaina txikikoa da, izan ere, pentsa gure zelula bakoitzak gure 25.000 geneetako informazioa, bi metro inguruko luzera duena, gorde dezakeela espazio nimiño batean. Beraz, DNAk datu kantitate oso handiak espazio oso txikietan gordetzea ahalbidetuko digu, goiko Wikipedia bezala.

Honez gain, oso egonkorra da. Hain egonkorra zein duela milaka urte desagertutako animalien DNA gaur egunera baldintza onetan iritsi den, eta honi esker animalia hauek ikertu ahal izan ditugun. Imajinatzen al duzue milaka urte eutsi ditzakeen ordenagailurik? Zaila, ezta? Zalantzarik gabe, naturak berak gizakiok baino informazioa gordetzeko sistema askoz egokiagoa sortu du. Beraz, ikus dezagun nola egin zuen Instagrameko argazkiak DNA modura gordetzeko.

Izatez, DNA azido desoxierribonukleikoa, izaki bizi guztion informazio genetikoaren gordailua da, eta funtzio zelularrak burutzeko ezinbesteko proteinak ekoizteko informazioa gordetzen du gene deritzaen DNA zatietan. Oinarrian lau nukleotido ezberdinez Adenina, Guanina, Zitosina eta Timina osaturik dago, zeinak AGCT letra modura adierazten diren. DNA sekuentzia AGCT letra hauen konbinaziotik sortzen da, letra konbinazio ezberdinek informazio ezberdina kodetzen dutelarik. Gero, DNA sekuentzia osatzen duten nukleotido hauek hirunaka irakurtzen dira, kodoi delakoak osatuz. Kodoi bakoitzak aminoazido ezberdin bat kodetzen du, eta horrela DNA sekuentzia hirunaka irakurtzen goazen neurrian zeluletan aminoazidoak elkar lotzen joaten dira azkenean proteina bat eraiki arte. Beraz, zuen Instagrameko argazkiak DNA modura gordetzea informazioa bit-etatik 0 eta 1-ak AGCTetara itzultzea bezain sinplea izan daiteke. Behin gure informazioa DNA sekuentzia modura idatzi dugunean, DNA sintetizatzaile bidez bai, zerotik hasita DNA sintetizatzen duten aparatuak existitzen dira sekuentzia hori DNA sintetiko modura lor dezakegu, goikoa bezalako tubotxo batean. Pentsa, honelako DNA gramo batean 2.000 disko gogorretan ahalako datu kopurua gorde daiteke! Gainera, nahi adina kopia egin daitezke… Ni bezalako pertsona despistatuentzat ezin hobea, zalantzarik gabe.

Teknologia hau oraindik hastapenetan badago ere, eskaintzen dituen aukerak ikaragarriak dira. Momentuz DNA sintesia motela eta garestia bada ere, teknologia honen garapenak orain arteko datuen biltegiratze eta segurtasuna irauliko du zalantzarik gabe. Beharbada, hemendik gutxira nire tesia etxeko hozkailuan DNA tubotxotan gordeta izango dut… ordenagailu traidore eta disko gogor ikusezinetatik salbu!

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!