Saseta defentsa sistema

Erabiltzailearen aurpegia Ander Otaño Zubeldia 2019ko mai. 25a, 08:58

Hautsak arrotzen ari diren gai asko daude azken aldian; elementu asko, argi faltagatik berriro lurperatu egiten ditugu. Horri erantzuna emateko, uda honetan hastear dira, berriro, Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatutako indusketa arkeologikoak, eta aipatu beharra dago Tolosaldeak ere baduela bere tokia bertan.

Hainbat garai aztertzeko aukera ematen digu, eta nik aukera luze horretako batean bakarrik parte hartu dut: Saseta Defentsa Sistema bezala identifikatzen denean.

Saseta Defentsa Sistemak 36ko gerra eta memoria historikoa ditu ardatz, eta horien gainean ikertzeko eta ikasteko aukera ezin hobea aurkezten du, batez ere, hezkuntza eta esperientzia berritzaileak nahasten baitira bertan. Hau olatu kultural berriaren aztarna dela esango nuke; olatu honek arkaikotasuna zulatu eta esentzia berriaren arakatzea ekartzen du, narrazio eklesiastikoak zalantzan jartzera helduz.

Badira urte batzuk planteamendu hau aurrera atera zela, eta Hernioren itzalpean du lo tokia; aurten ikerketa Aiztondo bailaran egingo dute. Hainbat hamarkadatan lurperatuak izan diren hamaika sekretu daude, norbaitek zabaltzeko zain. Agian, hurrena zu izan zintezke!

Horrelako esperientziek bi fase dituztela esango nuke: ikerketa eta aisia. Ikerketaren arloak lubakien azpian zer dagoen aztertzea dakar, eta naturarekin harreman zuzena edukitzea. Aurretik egindako lanen berri ere izaten da, hainbat kultur taldek urtetako hausnarketak plazaratzen dituzte, transmisio katea eten ez dadin.

Beste alde batetik, aisia dugu. Bertan giza harremanak, errespetua, dibertsioa eta lankidetza uztartzen direla azpimarratuko nuke, aukera inklusibo eta intersekzionala, non bakoitzaren gogoetak eta ezagutzak partekatzeko abagune paregabea sortzen den. Denetik ikasteko aukera.

Bi arloak oso desberdinak dira, baina bata bestearekin erabat bateragarriak dira, izan ere, edozein proiektu aurrera ateratzeko beharrezko ezaugarriak dira horiek. Beraz, etorkizunean suerta daitezkeen lan esperientzien aurrerapen egokia izan daiteke, betiere, modu eramangarrian erakutsiz, eta lan esperientzia erosoa izanik.

Baten batek bertan parte hartzeko gogoa izanez gero, esan beharra daukat honek ez duela kostu ekonomikorik, dena ordainduta dagoela, eta denentzat eskuragarria dela. Aranzadi Zientzia Elkarteko webgunera sartu besterik ez da egin behar edo, bestela, ATARIAren webgunera idatzi, eta neronek eskainiko dizuet laguntza.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!