Hainbat momentutan, bidaiak edo lanak sortzen duten zurrunbiloa lasaitzeko momentua ere izan da, mahaiaren inguruan bazkaldu eta, aukera izanez gero, solasaldiren batekin laguntzeko.
Bezperako denbora librea bazkaria prestatzen pasatu beharrean, edo bezperako soberakinak jan beharrean, eguneko menua aukera desberdin eta berritzailea izan daiteke gaur egun, eta aisialdirako momentua ere bihur daiteke.
Jatorria 1960ko hamarkadan dauka eta, esan daiteke, Espainiako erregimen diktatoriala izan zela ideia horren dibulgatzailea. Espainiar estatua zabalkunde fasean murgilduta zegoen. Ipar Ameriketako eta Europako herrialdeekin harremana asko sakondu zuen, batez ere, etapa antikomunistan murgilduta zeudelako, eta Espainia Europako hegoalde ekonomiko bihurtuta. Hainbat enpresa transnazionalentzat eta hainbat turistarentzat, Espainia ekonomikoki herrialde merkea, eta logistikoki egokia bihurtu zen.
Horregatik, frankismoak atzerritarrei bertako egoera ezkutatzeko tresna gisa erabili zuen eguneko menua. Ideia horren dinamizatzailea Fraga Iribarne izan zen, Turismo eta Informazio ministroa. Turistak janari kopuru handiekin liluratzen zituzten, atzerrian, normalean, plater bakarra jaten baitute; hona etortzen zirenak, bi platerarekin, bapo janda joten ziren. Horrela, turistek, atzerrian erregimen frankistaz hitz egin beharrean, bertako gastronomia izaten zuten gai nagusi. Tortura kasuak, errepresioa eta atzerapen ideologiko eta teknologikoak isilirazteko tresna bihurtu zen; beste modu batera esanda, makillatze prozesua izan zen, eta erregimenak aurpegia zuritzea lortu zuen. Zenbait kasutan, gainera, Spain is different eslogana erabiltzen zuten.
Taberna guztietan behartuta zeuden menu turistikoa eskaintzera eta, gainera, edonork ikusteko moduan egon behar zuen. Baina ez zuen arrakasta handiegirik eduki, eta eguneko menuaren diseinua eta modua aldatu zuten; erregimena neurri gogorrak arautzen saiatu zen. Izan ere, frankismoak herrialdeko ekonomia, uzta urtea eta abarrak ez zituen kontuan hartzen, eta prezio finko bat jartzera behartzen zituen ostalariak. Horrek hainbat tabernarik janari xumea eskaintzea ekarri zuen, eta turista eta atzerritarrei ez zieten gomendatzen eguneko menua jatea; tabernako karta saltzeko saiakera handiagoa egiten zuten. Gainera, janariaren kalitatea ez zen berbera toki guztietan eta, onura ekonomikoa edukitzeko, bazkaltzera joaten ziren turistei ziria sartzen saiatzen ziren.
Espainia 11 milioi turista jasotzera iritsi zen 1965ean eta, urte gutxian, biztanleria berriari zerbitzua emateko taberna ugari ireki ziren; eraikuntza lanetan aritzen zirenak hasi ziren, ostalaritza lanetan. Barne migrazioak ere ez zuen lagundu sukaldaritzaren kalitatea hobetzen, izan ere, bertako janari tradizionala eskaintzera derrigortzen zituzten. Gai honek segregazioa ere ekarri zuen, langile klaseari bertako menua jatea eragoten baitzioten, kasu askotan: propina bidez onura handiagoa lortzen saiatzen ziren tabernariak, eta turistek propina handiagoa ematen zuten.