Horretarako, bizitokia abstraktua dela esan genezake. Gehienek bizitokia lau hormaren artean hertsiki lotuta dagoen eremua dela aldarrikatzen dute, hau da, bertan sustraiak askatzen dituzte, etxebizitza beren monarkia bertikalaren isla bihurtuz.
Bada beste adibide bat ere, non bizitokia espazio huts bat kolonizatuz osatu beharrean, bizi moldearekin eta giza harremanekin zerikusia duen guztiarekin betetzen duten: bizitzako oroitzapenak, giza harremanak, bidaiak... Norbere habitat moduan identifikatzen dute eremua.
Hirugarren eredu bat ere bada. Bizipenez aparteko interesek piztuta, urruneko lurraldeak edo ezagutzak arakatzen saiatzen direnak lirateke. Liburuen, interneten eta eztabaida taldeen bidez, munduaren perspektiba ulertu nahian bizitzen dira, gizarte, politika eredu eta kulturak ezagutzeko grinaz; errealitate gordinaren bilaketan, zurrumurruak zalantzan jartzen dituzte, ikerketa eta praxia erabiliz. Bertan hainbat mugimenduren arteko nahasketa sortuko litzateke, hau da, intersekzionala izango litzateke. Eta, aberastasun ideologiko handiagoa lortzeko, eragile askoren arteko lan harremanak sortzea interesgarria litzakete.
Horrek pentsamendu kritikoaren garapena ekarriko luke eta, mundu eraldatzaile batean bizitzeko esperantza izan beharrean, konfiantza izatera igaroko lirateke. Esperantza fanatismoaren ikurra da, zeinak elite finko baten beharra dakarren, txotxongilo alienatu bihurturik, eta berezko pentsamendua ukatuz. Beste aldean dago konfiantza, askatzen diren orotariko mezuak ikertzen jarraitzen duena; egiteke dagoen mundua sor daitekeela sinesten duena, eta beldurraren mezua zalantzan jartzen duena.
Ondorio gisa: norberak orotariko mugak fisiko, emozional ... jartzen ditugu, eta horiek igarotzea ezinezkoa egiten zaigu, mundu ezkor eta indibidualizatu honetan. Beraz, egunkaria hartzen dugunean eta, VOXen igoera, Bolsonaroren boteretzea, Guaidoren estatu kolpe biguna, ustelkeria ekonomikoak, haurren esklabotza, indarkeria matxistak, errefuxiatuen egoera, arrazismo kasuak … irakurtzen ditugunean, badaukagu zer pentsa. Izan ere, gertaera horiek ardatz nagusi bat dute, eta kanpo harremanak gure harremanak ere badirela ikasi behar dugu; giza-kohesioa eta jasangarritasuna lortzeko, mundua eraldatu eta irauli daitekeela sinetsi behar dugu. Atsotitz txinatarrari jarraiki: Tximeleta baten hegalen mugimendu soilak mundua alda dezake.