Eta agur bat

Erabiltzailearen aurpegia Ander Lorente 2019ko uzt. 13a, 05:58

Joan den uztailean idatzi nuen artikulua neurri batean berreskuratuko dut gaurkoan eta, bide batez, agur esan testugintzan burutu dudan ziklo honi.

Etengailua sakatzeko irrikatan gaudela dirudi lehen eguzki printzak agertu diren honetan. Mendi, hondartza, terraza nahiz erreka bazter batean denboraren zentzua galdu eta liburu eta musika pixka batekin eguna lasai igaro nahiko dute batzuek; kirolei, etxeko konponketei edota beste zaletasunei ekin nahiko diete beste batzuek.

Ez dugu asmatzen ordea deskonexio digitalarekin. Frantziatik zetorren berria aurreko urtean, lan arloko deskonexio digitala legez babestuko omen zen. Euskal Herriko hegoaldean, aurten, bestelako berriak izan ditugu. Lan jardunaren erregistrorako legea abian jarri bezain laster, kontrolerako gailu eta app-en loraldia ikusi dugu. Pozarren jaso dute berria langile askok, modu honetan berezko lanalditik kanpo burututako lan orduak ordainduak izateko modua jarri baita. Hori da, berez, lege berriaren helburua. Asko segituan konturatu dira ordea, beraien lan egoerak hobera ez egiteaz gain, sarrera orduaren kontrol zehatzagoa egiten zaiela eta irteera orduaren inguruan iruzurra egin behar dutela. Digitalki lan jarduna bukatu arren, lanetik ezin direla deskonektatu, alegia.

Hala ere, oporraldian lan kontuez ahaztea gehienok atsegin dugun arren, mundu digitalarekin dugun konexioa haustea oso zaila egiten zaigula deritzot. Geroz eta ohikoagoa da jendeak jai egunetan mugikorra itzali egiten duela harro lau haizetara zabaltzea, baina norberaren burua engainatzeko modu ahul bat besterik ez da. Posta elektroniko eta sare sozialekin dugun dependentzia areagotu egiten da aisialdi garaian, aspertzea ekiditeko nahiarekin. Egun batzuetako etenaldi elektronikoa egingo duela Facebook eta Instagram bidez iragarriko duenik ere izango da, ziur. Urtean zehar maizago egin genezakeen ariketa interesgarria izan liteke, baina harago doan emaitzarik ez du sortzen gehiengoarengan. Lagun batek dioen moduan, denok ez dugu esateko zerbait, baina beti dugu erakusteko zerbait, are gehiago data seinalatu hauetan. Dagoeneko sarea bete da, beste urte batez, paella, hondartzetako oin biluzi eta aireportuetako terminaletako pantailez.

Nik, beste urte betez, aurtengoan ere ez dut deskonexiorik egingo. Liburu eta egunkarien paper usaina berreskuratu dut dagoeneko, ez da gutxi. Whatsapp soilez gain, posta-txartel bat bidaltzeko helburu txikia jarriko nion neure buruari lehengo urtean, eta baita bete ere. Aurtengoan ohitura hau finkatzeko bidea jarri nahi nuke eta baita zuek ariketatxo hau egitera animatu ere. Ahaztu laneko posta, eta saiatu gogoratzen non dauden zure herriko postontzi horiak. Uda on!!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!