Airera

Erabiltzailearen aurpegia

Airera ekarri naute. Airean. Tatarrez ere ibili gara, baina orain grabitaterik eza dastatuz goaz. Ikasle talde batekin, beraiek sortutako tamaina txikiko sateliteen txapelketa batetik etxerantz bidean noa, asteburu pasa egin ondoren. Hilabeteetako lana bi minututan zehar airean ikusi dugu, baina bide luze baten hasiera besterik ez da hau.

Estatu mailako irakasle, ikasle eta hezkuntza eta enpresa munduko jende ugari bildu gara bertan. Honetan dabiltzanek aho batez onartu dute, ezagutzen duten bigarren hezkuntzako ikasleentzako antolatzen den lehiaketa gogorrenetakoa dela hau. Izan ere, azken egunetan, ikasleek heldu izatera jolastu dute. Azken hilabeteetan ingeniari, mekanikari, astrofisikari, ekonomialari, logistikako teknikari, programatzaile, elektrizitate eta elektronikako adituen txapelak jantzi dituzte. Baita saltseroarena ere; hauxe, gehien poztu nauena.

Orain artean unibertsitate mailakoak liratekeen proiektuak ikusteko parada izan dugu egun hauetan, ingeniari eskola asko harro egongo liratekeenak. Protagonistak ez dira unibertsitateko ikasleak, ezta bi urte proiektu horiei eskaini dizkieten heziketa zikloetakoak ere. Bigarren hezkuntzako ikasleak izan dira, Fortnite eta Game of Thrones-ez gain, mundua ikusteko esfortzua egiteko hautua egin dutenak. Euren ahaleginak Zaragozara begira jarri ditu, joan den asteburuan, ESA (Europako Espazioko Agentzia, NASAren parekoa) agentziako begiak, eta, denbora luze igaro baino lehen, hainbat enpresarirenak ere jarriko ditu.

Gisa honetako txapelketak lehiakortasunez josiak egoten dira sarri. Ikastetxeen arteko lehia gehitzen zaie, ikasleen irabazi nahiari, eta horrek gazte nahiz helduen ezinikusiak azaleratzen ditu, ikastetxeak beste probintzietako txapelketetan izena ematera iristeraino. Bestalde, mundu honetan enpresen presentzia begi onez ikusiko lukeenik ere bada. Proiektu hauen bereizgarritasun nagusia diziplinartekotasuna izan ohi da, eta, ukaezina da, industria munduko jakintzak bultzada handia emango liekeela, gazteen motibazio eta ikaskuntzari. Hala eta guztiz ere, bezeroen arreta lortzeko lehiak moztu egingo luke, ekintza horietan dirua inbertitu eta ikasleek beren finantziazioa lortu eta arazoak konpontzeko gaitasunak garatzea.

Lorpen teknikoez gain, lehiaketa hauek humanizatzea beharrezkoa dela deritzot, ikasleek parada izango baitute, lan munduan jokatzen ari diren estrategia jokoko partidan parte hartzeko. Aurten, behintzat, gure gazteak ekintzaile, solidario eta umoretsu aritu dira. Ez dira hitz hutsak. Edukiz beteta dauden eta bide luze bati hasiera ematen dioten hitzak dira.

Tolosaldeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jasotzea nahi duzu?

Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!