Doppler

Erabiltzailearen aurpegia Ander Lorente 2019ko mar. 18a, 09:00

Zer dute komunean hegazkinek, hodeiek, F1 autoek, globulu gorriek, bihotzen taupadek, hodi lodietan doazen fluxuek eta zeruko izarrek?

Lehen begiradan hain ezberdinak diruditen zerrenda horretako osagaiak, mugimendua duten elementuak dira. Mugimendua duen oro zenbakitan jartzeko beharra sentitzen du gizakiak eta, zer hoberik, beren abiaduraren datuak kalkulatzea baino? Abiadura hain kasu ezberdinetan neurtzeko bidea jarri zuen, Christian Andreas Doppler fisikari austriarrak, XIX. mendearen erdialdean, Doppler Efektua munduari aurkeztuz.

Doppler efektua, behatzailearen eta iturriaren arteko higidura erlatiboaren ondorioz gertatzen den itxurazko frekuentzia-aldaketa da. Adibide argiena anbulantzia batekin irudika dezakegu. Geldirik bagaude, sirena piztuta duen anbulantzia bat gugana gerturatzen ari den bitartean, sirenaren soinua aldatu egiten dela nabarituko dugu, jasotzen dugun soinuaren maiztasuna handitu egiten baita. Gure albotik pasatu eta urruntzen hastean, berriz, soinuaren maiztasuna txikitu eta berriz ere aldatzen dela sumatuko dugu. Anbulantziako gidariak, aldiz, soinu bera entzuten du momentu oro, sirenarekin batera bidaiatzen baitu, beraien arteko distantzia aldatu gabe.

Inauteriekin, geure neurrira egindako Doppler efektua senti dezakegu, Tolosan eta bere inguruetan bizi garenok. Tolosarren gehiengoak egun hauek bertan pasatzea erabakitzen du, jai giroaren frenesian murgilduta; dantza, kolore bizi eta bolumen altuen olatuetan igeri. Anbulantziako gidariak bailiran.

Inguruko nahiz beste probintzietako jendearen presentzia ere oso nabaria izaten da, beren herrian pultsazioak igotzeko aukera gutxi ikusi, eta lekutik mugitzen ez den, baina txaranga doinuen erritmoan saltoka dabilen Tolosara hurbilduz, geldirik dagoen anbulantziara korrika hurbiltzen denaren moduan.

Bestalde, eskiatzaileek, Alde Zaharreko bizilagunek eta lasaitasuna bilatzen dutenek alde egiteko hautua ere egin dute. Sirena hotsa urruntzen entzunaz gozatzen ikasi dutenak dira azken horiek, norberagandik urruntzen doan anbulantziaren hotsak sortzen duen barne lasaitasunaz gozatu nahi izan dutenak.

Ez dut uste Doppler jaunak pentsatuko zuenik, bere ikerketak hain urrutira iritsiko zirela. Gaur egun, ekografietan, radar sistemetan, astrofisikan eta beste hainbat esparrutan erabiltzen da.

Norberak bere inauteriekiko jarrera zein izan den irudikatzeko erreminta bezala erabil dezala aurkikuntza hau.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!