Aurrekari izan zen X belaunaldiaren, eta ondoren etorri zen Z belaunaldiaren artean kokatzen dute denboran eta, akordiorik ez badago ere, 1980 eta 1995 artean jaio ginenok gara aro horretako protagonistak.
Dozenaka ikerketa egin dituzte, hamarkada eta erdi inguru horretan jaiotakoon ezaugarriak ezagutzeko. Jaiolekuaren arabera ezberdintasunak nabariak dira, ezbairik gabe eta, askotan gertatu ohi den bezala, ikerketak ekonomikoki oso garatuta dauden herrialdeetako datuekin egin izan dira. Oro har, belaunaldi hori komunikabide eta teknologia digitalekin oso lotua dagoela esaten dute, aurrekoarekin alderatuz behintzat. Politika, kirola, ekonomia nahiz lan esparruak ikertu izan dituzte, baina teknologiaren inguruko gaiak dira hemen aztertuko ditugunak.
Ordenagailu pertsonalak lehendik baldin baziren ere, belaunaldi hau izan da horien normalizazioa gertutik ezagutu duena; musikaren kontsumoan, euskarri analogikotik digitalerako jauzia haurtzaroan edo gaztaroan bizi izan duena; eta papera eta boligrafoa pantaila eta teklatuagatik aldatu dituena, ikasketak egitea tokatu zaion urteetan. Komunikatzeko testu mezu digital eta bat-bateko mezularitza zerbitzuak (SMS, MMS, posta elektronikoa, Whatsapp, Snapchat...) erabiltzen ikasi genuen naturaltasunez. Gure gurasoen belaunaldia ere gurekin murgildu zen teknologiaren garai berri horretan, baina Y belaunaldiak bere hiztegia sortu zuen, zeina pixkana Z postmillennialak nahiz sortzen ari den T belaunaldiek ordezkatu duten.
1990eko hamarkadan, komunikazioen iraultza handi bat gertatu zen gure etxeetan, telebistako kate pribatuak gure egongeletara iritsi zirenean. Kate publikoak modu ia estatikoan bakarrik ikusi ahal izatetik, urruneko kontrol aparatuaren jabe egiten saiatu, eta zapping egiten hasi ginen denok.
Orduan ere bazen teknologiaren aurrerapenen kontrakorik, eta kalean korri egiteari ekin zioten, footing delakoa modan jarriz. Internetaren iraultzak ere eragin zuzena izan zuen gure egunerokoan, eta online eta txateatzen orduak igarotzen hasi ginen. Gaur egun terminologia hori guztiz barneratua dugula edo, kasu askotan, zaharkitua dagoela senti dezakegun arren, milurtekoaren bukaera aldera harridura sorrarazi zuen, anglizismo eta sasi-anglizismoen gorakada nabarmenak.
Teknologia eta harekin hizkuntza aldatuz doaz, eta gaur egungo hitza postmillennialek hartu dute. Hiztegiaren berrikuntza nabarmenenak sare sozialen erabileratik eta pertsonen arteko elkarrekintza eta sentimenduetatik datozela esan daiteke. Modu horretan, gaurko gazteak ez dira bat-batean maitemintzen; crush bat izaten dute. Beren sentimenduak gustuko pertsonagandik elkarrekikoak balira, match baten aurrean geundeke.
Sare sozialetan norbaiten bizitzaz gehiago jakin nahian kuxkuxean ibiltzea bukatu dela jakin ezazue, stalkeatzen ariko baikinateke. Geure burua youtuber gisa aurkeztu eta influencer bilakatu nahi badugu, ordea, bidea erraza ez dela izango ere kontuan hartu beharko dugu; gure sareko esperientzian lagunduko ez diguten trollekin, eta gorroto gaituzten hater-ekin topo egingo baitugu. Eta hori guztia gure smartphonetik bururik altxatu gabe, jakina.
Egunean egoteko beste hizkuntza bat menperatu behar dugula irudi dakiguke batzuetan. Hala ere, gogoratu bazela futbol, parking, klik eta stop gabe bizi gineneko garai bat, eta oraindik gai garela kirola egin, autoa gidatu eta ordenagailuan aritzeko.