Etxean

Erabiltzailearen aurpegia Ander Lorente 2019ko urt. 19a, 12:59

Amari deitu diot ohetik, nagiak kendu ezinik nabil, eta berogailua pizteko esan diot. Kafe makina martxan jartzea ere ongi legoke, hemendik tartetxo batera, ea etxea girotzen duen usain goxoak esnarazten nauen oraingoan. Pertsiana erdizka jaitsita utzi nuen bart eta, eguneko lehen argiak logelan sartzerako, nire atsedena eten da gaur.

Atzo hoztuta iritsi nintzen etxera, eta bertan ere ez zen giro; ohean sartu arte ezin izan nuen nire gorputza epeldu. Presaren presaz, komuneko tapa ixteaz ere ahaztu nintzen. Berandu baino lehen, aita aspiragailua etxean zehar pasatzen hasi da. Bazter guztiak pasatu ditu, eta nire gela geratzen zaio; ez dut jaikitzea beste aukerarik ikusten.

Etxetik alde egindakoan, horrelakorik berriz gertatuko ez zitzaidala zin egin nion neure buruari, XXI. mendean ezin baikara horrela ibili. Etxeratu aurretik piztuko ditudala berogailuak, mugikorraren bidez; pertsianak eguzkia ezkutatu bezain pronto, beren kabuz itxiko direla; robot-aspiragailua ni etxetik kanpo nagoenean bakarrik jarriko dela martxan; komuneko beheko tapa bero-bero egongo dela ni esertzerako eta, amaitzean, goiko tapa automatikoki jaitsiko dela imajinatu nuen. Ah, eta kafea eta tostadak goizeko zazpietan prest, lanera joan aurretik. Egun hartan, nire etxea domotizatuko nuela erabaki nuen.

Etxe domotiko bat konektatutako etxe bat da, ingurunearekin elkarrekintza bat izateko gaitasuna izan dezakeena, eta mugikor edo beste gailu elektroniko batetik kontrola dezakeguna. Gauzak modu egokian konektatuz gero, bizitza erraz diezagukeen elementuek osatzen dute. Askatasuna eta aukera berrien irekitzea batzuentzat; kartzela baten barruan bizitzea, besteentzat.

Gure inguruko pisu arruntetara azken urteetan zabaltzen ari den teknologia da, familia bakarreko etxebizitzetan urte batzuk badaramatzana. Segurtasun sistema automatikoekin hasi zen dena eta, joera izan da, dena kontrolagarri bilakatzea eta aginduak zentralizatzea. Etxea sentsore eta eragingailuz betez, gure erosotasuna bilatzea izan da sistema horren helburua.

Azken joera, ordea, pantailarik ukitu gabe, gure etxea kontrolatzean datza. Gure bizitzara iritsi dira, gure ahotsezko aginduei men egiten dieten bozgorailuak. Modu horretan, sukaldean ari naizela, bozgorailuari erosketa zerrenda osa dezan esan diezaioket, gatza amaitzen ari zaidala konturatu naiz-eta. Egongelako eserlekuan irakurtzen ari garela, eguzkiak itsutzen baldin bagaitu, pertsianak jaisteko, eta gure alboan dagoen lanpara pizteko eska dezakegu.

Asmakuntza hauekin, beti bezala, tentuz ibiltzea dagokigu. Fabrikatzaileek diotenez, ez dituzte etxeko soinu guztiak grabatzen; guk beraiei agindu zehatz batzuk emandakoan bakarrik egiten omen dute. Fededunik ba al da gure artean? Duela urte pare bat, errobot-aspiragailuak ekoizten dituen marka ezagun batek prentsaurreko bat eman behar izan zuen, hitz emanez, ez zituztela salduko gure etxean zehar mugitzean gailuak osatzen dituen planoak. Nik ez nuen inongo dudarik, prentsaurreko horren berri izan nuen artean, behintzat. Entzuten gaituzten gailuekin jarraituz, haurrentzako diseinatutako panpina bat datorkit gogora. Cayla nire laguna izena du aipatu jostailuak, eta gure txikiekin elkarrekintza osatzea du helburu. Caylak beren gustuen eta familiaren inguruan galdetzen die haurrei. Alemanian debekatu egin zituzten, umeekin zituzten elkarrizketak helburu komertzialarekin erabiltzen zituztela argudiatuz. Horrez gain, ezin dugu saihestu, sarera konektatuta dagoen jostailu baten informazioa hackeatua izatearen arriskua.

Sar gaitezen ohean bada, eta bihar goiza baino lehen hausnar dezagun, goizeko kafea momentuan prestatzeak, eta berogailuaren goxotasunaren zain egoteak izan dezakeen prezioaz. Trapuzko panpinarekin lo egiten duenik bada, berari galde diezaiotela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!