Gaur egun dena asmatuta omen eta asmatzailearen irudia marrazki bizidunetara edota Xiaomiren Pekineko bulegoetara mugatzen dela dirudi. Ohituta gaude telebistako programazioarekin eta bideo jokoekin lokartzen gaituztela, harremantzeko moduen digitalizazioarekin lehentasunak desitxuratzen direla eta lanaldi luzeekin sormenerako kemena galtzen dugula bezalako esaerak entzutera. Badira, hala ere, beren garajean edo etxeko txoko batean muntaia elektromekaniko, elektroniko eta kimikoak burutzen dituzten saltseroak. Maker mugimendua martxan da duela urte batzuetatik, gutxiengo baten esperimentu gosea ase nahian. Buru egonezin hauen proiektuak, gehienetan, lehendik frogatutako saiakerak errepikatzera mugatzen dira eta ez zerbait berriaren bila.
Izan zen, nahitaez, asmakuntza handiak egin ziren garairen bat. XIX. mende bukaeran «elektrizitatea» zen hitz magikoa. Edisonek bere izenean jarri zuen bonbillaren asmakuntza eta Ameriketako Estatu Batuak argiztatu nahi izan zituen korronte jarraiarekin. Asmakuntza batek bi helburu posible ditu: lehendik zegoen behar bati erantzutea edota behar berri bat sortzea. Garai hartan gasa erabiltzen zen etxe Ipar Amerikarrak argiztatzeko, beraz, behar berri bat sortu behar izan zen. Korronte elektriko jarraiaren argia, aberatsen argia bezala definitu zen bere erabilerraztasun eta usain ezari ohore eginez. Propagandak eta merkatuaren legeak egin zuen gainontzekoa. Hala ere, Edisonek kontrolatzen zituen enpresek sortutako sistema ez zen batere efizientea elektrizitatearen garraiorako. Aurrerapausoa bere langile batengandik etorri zen, historiak isilarazi duen Nikola Teslagandik hain zuzen ere. Teslak korronte alternoa asmatu zuen (gaur egun etxeetan duguna) eta bere asmakuntza Edisonena baino hobea zela frogatu nahian xahutu zituen indarrak. Urteen poderioz bere asmakuntzak aurrera egin duen arren, Edisonen propaganda eta abokatuek ez zioten bidea erraztu eta historia liburuetan bere izen eta izanaren inguruan egiten diren aipamenak gaur egun ere oso urriak dira. Energia libre, garbi eta doakoaren alde lan egin zuen Teslak bere bizitzan zehar, 300 patente erregistratuz, eta pobre eta mehatxupean hil zen.
Ez dute amaiera hobea izan uraren bidez funtzionatzen duten motorraren asmatzaileek. Ba omen dira, bai, erregai gisa ura erabiltzen duten motorrak. Erregai solidoen industria bertan behera botako lukete urte gutxi batzuetan eta hau onartezina da gobernu askorentzako gaur egun. Honegatik, beraz, publikoki beren asmakuntza argitaratu edota gobernuen eskuetan utzi dutenen ibilbideak patroi berdinak jarraitu dituzte: kartzelatzeak, pozoitzeak, desagertzeak eta zentro psikiatrikoetan giltzapetzeak. Bi tartean, boterearen erantzun ofiziala alternatiba jasangarriak isilarazi eta gasen emisioei prezio bat jartzera mugatu da. Alberto Vazquez-Figueroa idazleak aipatu zuen asmakuntza iraultzaile bat izandakoan nori on egiten dion begiratu aurretik, adi egon behar dela kaltea jasaten duenak duen botereari.
Saltsero, maker, asmatzaile eta guztion sormenaren beharra dugu alternatibak sortzeko, baina kontuz ibil gaitezen erretiroaren fruitua mikaztu ez dakigun.