Harrapaketan

Erabiltzailearen aurpegia Ander Lorente 2018ko aza. 17a, 11:13

Zure pribatutasuna oso garrantzizkoa da niretzat. Aldizkari hau irakurtzen duzunean ez dizut bertan agertzen diren eduki edo idazleon inguruko publizitaterik bidaliko. Artikulu hau irakurri baduzu esadazu lasai, informazio hori ez dut erabilera komertzialerako erabiliko eta.

Pribatutasuna, lotarako garaian logelako pertsiana edo gortinak ixtea da. Medikuarengana joan eta ateak itxita daudela kontsulta pasatzea. Egunerokotasunean erraz ulertzen dugun kontzeptu bat izan arren, espazio digitalean pribatutasunaren ideia nahasia da. Webgune bat bisitatze soilagatik bertako produktuen iragarkiak behin eta berriz ikustera kondenatuta gaude gaur egun. Orain abisatu egiten digute, bai, baina Interneteko cookien politikak aprobetxatzeko modua Eguberrietako kolonia iragarkien estrategia baino agresiboagoa da.

Teknologia ez da bere burua erregulatzeko gaitasuna duen zer abstraktu bat. Teknologiak erabaki politikoak eta lege bidezko erregulazio zehatzak behar ditu garaian garaiko eta tokian tokiko behar, etika eta moralari egokitzeko. Arazoa betikoa da, legea, abusuaren ondoren etortzen dela normalean. Adibide moduan, iragarkiekin jarraituko dut. Irrati edo prentsa idatzian, politika arloko kanpainetan dirua nork inbertitzen duen agerian jartzera behartuta daude konpainiak Ameriketako Estatu Batuetan. Pasa den udan, kongresu iparramerikarrak Google, Facebook eta mundu digitaleko beste hainbat multinazional behartu ditu neurri bera hartzera, sarean egindako publizitatearen gardentasun falta dela eta.

Hain urrutira joan gabe, gatozen gure herri eta hirietara. patinete elektrikoen erabilerak piztu du eztabaida azken hilabeteetan; ibilgailu motorizatu bezala edota oinezko bezala kontuan hartu behar ote ditugun, hori da gakoa. Gaur egun DGT-k ez dio ibilgailu honi erreparatu ere egiten bere zirkulazio kodean, hurrengo bertsioan egingo duela dioen arren. Kontua da gaur egun patinete elektrikoan dabiltzan pertsonek oinezkoen trataera bera dutela legez, espaloitik ibili beharko luketela alegia, eta gailu hauetako batzuk 35km/h-ko (10 metro inguru segundoko) abiaduran ibil daitezkeela. Herri eta hiri ezberdinak beren ordenantzetan hasiak dira hau erregulatzeko arauak sortzen. Dronekin ere antzeko zerbait gertatu zen duela urte gutxi batzuk. Dronak sortu artean ez zegoen hauen erabilera erregulatzeko beharrik, noski. Komertzializatu zirenean ordea, agintariak konturatzen hasi ziren herriguneetan makina hauen erabilera oso arriskutsua zela eta baita gauez nahiz aireportu inguruetan aireratzea ere.

Honela, teknologiaren garapenak bere berezko bidea jarraitu nahi duen artean, legeak atzetik jarraitzen dio geratu nahian, harrapaketan ariko bailiran.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!