Sarritan teknologia eta informatika munduan murgilduta bizi den pertsonari deritzogu frikia (mespretxuz normalean), geek moduan ere ezagutzen dena. Apur bat zaharkitua aurki dezakegu adiera hau, 2018 amaiera honetan gehienok baikara laneko informatizazio, sare sozial nahiz domotikaren gatibu. Informatikari, elektronikari eta community managerraren irudia egunerokoan ikus eta sentitu dezakegun honetan, pertsona hauei beren izen ona ken al diezaiekegu? Nerabeen ehuneko handi batek eguneko ordu asko eta asko Fortnite, Minecraft eta abarretan jolasten pasatzen dutela jakinik, gazteri friki bat dugula esan genezake?
Maker mundua ere mintzagai dugu azken urteotan. Proiektuak beren kasara burutu, aparailuak konpondu eta esperimentuak egiten dituzten pertsonak dira makerrak. Robotak, sateliteak, suziriak, 3D inprimagailuak, bideo jokoak eta beste hainbat proiektu sortu eta garatzen ehunka ordu igarotzen dituztenei buruz ari gara. Liburu, ikastaro, tailer eta txoko ugari sortu da gai honen inguruan eta zaletu kopurua gorantz doala dirudi gainera.
Ohiko janzkera, jarrera edota jokaera ezberdinetik at daudenei erreferentzia egiteko ere erabili ohi dugu friki terminoa. Otaku, hipster, emo, cani, metrosexual, gotiko, lolita... amaiezina da hiri-tribuen zerrenda, nahiz eta batzuk gaurkotasuna galdu duten, beraietara ohitu baikara. Beren aisialdi denborako gai gustukoenen harira bizimodua eratu duten pertsonak dira, lotsarik gabe munduari beren zaletasunak harrotasunez aurkezten dizkietenak.
Frikiak, askotan, irudimena, sormena eta gehiengoarentzat ulertzeko zailak diren fenomenoen inguruko zaletasun eta interesa edukitzeagatik ezagutzen dira. Zientzia-fikziozko, fantasiazko, animaziozko eta etorkizuneko gaien inguruko film, telesail eta komikiak gustuko izateagatik ere ezagutzen ditugu.
Sentimendu hauetan guztietan murgilduta egon eta jasandako zapalkuntzari aurre egiteko Frikien Harrotasun Eguna ere ospatzen da nazioartean, maiatzaren 25ean hain zuzen. Jendarteko beste talde batzuen modura, beraien marjinazio, baztertze eta gutxiespenez harago doazen gustu eta ohiturak plazaratzeko modua aurkitu du kolektibo honek.
Hitz honek ukitzen dituen esparruak hain zabalak izanda, geratzen ote da oraindik frikia ez denik gure inguruan?